Gasteizko Udalak utzi egin dio kazeta eta aldizkari gehienak erosteari, eta "gehien irakurtzen direnak" bakarrik eskainiko ditu udal liburutegietan eta gizarte etxeetan aurrerantzean. El Correo eta Noticias de Alava, esaterako, eskuragarri egongo direla azaldu du udalak. BERRIA, aldiz, desagertu egin da udal liburutegietatik. Erabakia maiatzean hartu zuen udalak, eta gaur ezagutu da, Itziar Ameztoi Bilduko zinegotziaren salaketaren bidez.
Udalak aurrekontuetatik murrizketak egin behar izan dituela azaldu dio Prentsa Bulegoak BERRIAri. "Ahal den lekutik eta ahal den bezala". Lehen, gizarte etxe batzuetan 40 argitalpen jasotzen ziren, eta orain, "adibidez", lau bakarrik jasoko dituztela azaldu du udal ordezkariak. Udalak bestelako murrizketak ere egin behar izan dituela azaldu du: Prentsa Bulegoak ere argitalpen gutxiago jasoko ditu, talde politikoei ere mozketak egingo dizkiete...