Gipuzkoako Diputatu nagusia gustura dago lurraldean aurreneko indarra izaten jarraitzen dutelako. Nolanahi ere, ezkerreko boto abertzaleak gutxitu egin direnez, hausnarketa sakona egin beharko dutela dio. "Autokritika beti egin behar da politikan".
Gustura dago aukera politiko guztiek izan dutelako aurkezteko aukera, eta lortutako emaitzengatik zoriondu egin ditu EAJ eta EH Bildu. Gasteizko legebiltzarrean gehiengo abertzale argia izango dela nabarmendu ostean esan du hori antzeman egin behar dela datozen lau urteetan. Hala, "gehiengoa aktibatzeko deia" egin du.
Eusko Legebiltzarrerako hausteskundeek ostean "pozik" azaldu da Garitano. Gipuzkoan aurreneko indarra izaten jarraitzen dutela azpimarratu du, baina ezkerreko boto abertzaleak Udal eta Foru hauteskundetan zein Espainiako Gorteetan baino babes gutxiago izan duela jakitun, hausnarketa sakona egingo dutela dio. Atez atekoak eraginik izan ote duen galdetuta, aldaera asko izan direla nabarmendu du Garitanok, eta haiek guztiak aztertu behar direla: gestioa, lurraldeko "gai polemikoak", abstentzioa... "Ez da zintzoa elementu bakar bat kontuan hartzea".