Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako gobernuen 2011ko aurrekontuen zirriborroa "antisoziala" dela salatu du gehiengo sindikalak, eta manifestazioan deitu ditu, gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. Gobernuek 2011rako gastu publikoa murriztea erabaki dute, eta ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk adierazi dutenez, "langile jendearen ikuspuntutik ezin okerragoak" dira aurrekontuok. "Ondorio kaltegarriak izango dituzte: krisiaren eragina areagotuko da eta langabezia zein babesgabetasun soziala handituko dira".
"Behin eta berriz esaten digute krisiari aurre egiteko gastu soziala murriztu beste irtenbiderik ez dagoela" salatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Gobernuek orain arte hartu dituzten erabakiekin oso kritikoa izan da. "Azken hilabeteetan onartu diren erreforma ezberdinak patronalari eta bankari eskainitako txeke-zuria besterik ez dira".
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek salatu du "erakundeak kapitalaren mesedetan" jarri dituela Eusko Jaurlaritzak. Etxaideren aburuz, "langileak babesteko beharrezkoa da gastu publikoa areagotzea".
Egoera horren aurrean, mobilizaziorako deia egin dute sindikatuek. Datorren asteazkenean izango da lehen manifestazioa, Gasteizen. Hilaren 23an, Iruñean.
ESK sindikatuak ez du bat egin, orain arte gehiengo sindikalaren barruan egon den arren.
Ekonomia
Gehiengo sindikalak EAEko eta Nafarroako gobernuen aurrekontuak salatu ditu
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk manifestaziora deitu dute, aurrekontuak "antisozialak" direlako. Asteazkenean Gasteizen egingo dute mobilizazioa eta 23an Iruñean. Gastu publikoa murrizteak ondorio kaltegarriak izango dituztela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu