ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Bateragune auziko epaia salatu, eta datorren astelehenerako elkarretaratzeak deitu dituzte.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta herrietan enpresen aurrean egingo dituzte bilkurak, Epai politikorik ez, eskubide guztiak guztiontzat, 12:00etan. Bilbon Moyua plazan izango da, Donostian Boulevarden, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñean Udaletxe plazan.
"Berriro exijitzen dugu Bateragune auzian epaitu eta zigortu dituztenak berehala eta baldintzarik gabe aska ditzatela. Garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik ere, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan", esan dute prentsa ohar batean ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk.
Gehiengo sindikalak adierazi du "euskal gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa" berresten duela.