ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk osatutako euskal gehiengo sindikalak maiatzaren 25erako (asteartea) Hego Euskal Herriko sektore publikorako greba deialdia egin du gaur, "zerbitzu publikoak indartzeko eta gastu soziala handitzeko" asmoz. Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan erregistratu dute dagoeneko deialdia. Espainiako Gobernuak herenegun iragarritako murrizketen aurka hartutako neurria da, eta sindikatuek salatu dute Nafarroako eta EAEko gobernuek bere gain hartu dituztela murrizketak. Ez betetzeko eskatu diete, "Euskal Herriko sektore publikoko langileei nahiz zerbitzu publikoei oso modu larrian eragiten dietelako".
UGTk eta CCOOk, aldiz, ekainaren 2rako Espainiarako greba deialdia egin zuten atzo.
ELAko eta LABeko zerbitzu publikoetako federazioetako idazkari nagusiek aurkeztu dituzte deialdiaren xehetasunak Bilbon, 13:15ean: Izaskun Garikanok (ELA) eta Arantxa Sarasolak (LAB). "Lehenengo aldiz soldatak batez beste %5 murriztuko dira -ekainetik aurrera-, eta 2011an izoztu. Ordainsarietatik haratago, erabakiek esparru publikoari erasotzen diote, ematen dituen zerbitzuei, berauen kalitateari eta zerbitzu hau bermatzen duten langileen baldintzei. Arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko estrategia bat dugu hau, botere ekonomikoak esparru guztietan egin nahi duena, baita Euskal Herrian ere. Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia bat gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke; hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea, eta enplegu publikoa sortzea".
Greba deialdi horrek aurretik egindako beste batekin bat egingo du egun horretan: ELAk, LABek eta EILASek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako irakasleen artean deitutakoarekin.
Espainiako Gobernuaren murrizketak
Espainiako Gobernuak herenegun jakinarazi zituen murrizketak. Besteak beste, asmoa funtzionario guztien soldatak jaistea da: estatukoak, autonomia erkidegoetakoak, diputazioetakoak eta udaletakoak. Hori dela-eta, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eudel alkateen elkarteko ordezkariak bilduko ditu egunotan, "plan bateratu bat" egiteko asmoz. Nafarroako Gobernuak agertu du prest dagoela funtzionarioen soldata jaisteko.
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurten berritu dituzte funtzionarioen itun kolektiboak. Eusko Jaurlaritzak soldatak %0,3 igo dizkie aurten eta 2010eko KPIaren pare igoko dizkie 2011n. ELAk ere hitzarmena sinatu zuen, bederatzi urtean sinatu gabe egon ostean. Nafarroan %0,3ko igoera hitzartu zuten 2010erako eta KPIaren parekoa 2011n eta 2012an.
ekoNOMIA
Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko sektore publikoan maiatzaren 25erako greba deitu du
Espainiako Gobernuaren murrizketak direla-eta, "zerbitzu publikoak indartzeko eta gastu soziala handitzeko" deitu dute lanuztea ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek. UGTk eta CCOOk ekainaren 2rako Espainiarako greba deialdia egin zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu