Juan Karlos Izagirreren lekukoa hartu du Eneko Goiak. Ramon Labaienek 1987an Donostiako alkate izateari utzi zionetik, Gipuzkoako hiriburuan alkaterik izan gabea zen EAJ, eta gaur eman dio amaiera ia hiru hamarkadako epe horri.
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan, bederatzi zinegotzi eta 29.029 boto eskuratu zituen EAJk. Jakina zen emaitzokin Goiak ez zuela oztoporik izango alkatetza eskuratzeko, baina EAJk eta PSEk eginiko itunak are gehiago erraztu dio bide hori. Bigarren indarra izan zen PSE, zazpi zinegotzi lortuta.
Soilik EAJko zinegotzien babesarekin aukeratu dute Goia. PSEk eta EH Bilduk zuri bozkatu dute, eta PPk eta Irabazik beren hautagaien alde egin dute. Hori horrela, EAJ izan zenez alderdi bozkatuena, hark eskuratu du alkatetza.
Aginte makila eskuan, alkate gisa lehen adierazpenak egin ditu Goiak. Gogoan izan ditu aurretik Donostiako alkate izandakoak, eta hiru erronka aipatu ditu: kultur hiriburutza, bazterketa sozialaren aurkako borroka eta bizikidetza. Baita horietarako tresna ere: "Ezberdinen arteko elkarrizketa".
Gobernua bakarrik edo koalizioan, argitzeke
EAJk udal gobernua bakarrik osatuko duen edo PSErekin koalizioa egingo duen dago argitzeke. Botoa azaltzeko txandan, Ernesto Gascok, PSEkoen boto zuriari buruz, hurrengo asteetan akordio batera heltzeko esperantza agertu du. EH Bilduko Amaia Almirallek, berriz, oposizio "eraikitzailea" egingo dutela hitzeman du, eta beste horrenbeste egin du Amaia Martin Irabaziko hautagaiak ere. Miren Albistur PPko hautagaiak argudiatu du Gasteizen izango den alkate aldaketa dela-eta erabaki duela bere burua aurkeztea.
Aretoa bete egin da alkatearen aukeraketa bertatik bertara jarraitzeko. Han izan dira, besteak beste, Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirre alkate ohiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua.
Azken lau urteetan izan da Izagirre alkatea. EH Bilduk, ordea, sei zinegotzi eskuratu zituen bozetan. Izagirrek hilaren 5ean jakinarazi zuen ez duela udalean jarraituko eta bere lanbidera itzuliko dela.