Politika

Gemma Zabalateren iduriko, Mahai Nazionalaren aurreko atxiloketak ez zuen lagundu indarkeria amaiarazten

"Lege urraketek bidali behar dute jendea espetxera, eta ez pertsonen irizpideek, nahiz eta pertsona horiek epaileak izan", esan du PSEko legebiltzarkide eta Ahotsak-eko kideak. Hala ere, ez dut uste Batasunaren kontrako operazioa Gobernuak bultzatu duenik. Ahotsak-ek lanean jarraitzen duela agertu du.

2007ko urriaren 9a
12:00
Entzun
"Talde armatuko kide izateaz akusatzea oso larria da, eta, ondorioz, espero dut hori frogatzeko modua izango dutela. Lege urraketek bidali behar dute jendea espetxea eta ez pertsonen irizpideek, nahiz eta pertsona horiek epaileak izan", esan du Zabaletak Radio Euskadin Batasunaren kontrako operazioari buruz galdetu diotenean.

Ildo horretatik, ez dela Batasuneko buruzagitza atxilotu eta espetxeratzen duten lehen aldia erantsi du PSE-EEko legebiltzarkide eta Ahotsak-eko kideak; atzitik, duela hamar urteko gertaeren errepikapena iruditzen zaiola eta orduko atxiloketa eta espetxeratzeek ez zutela indarkeria amaiarazten lagundu. "Daukagun froga da egoera bertsuan gaudela. Hau da, indarkeriak jarraitzen du, eta, gainera, gero eta urrunago gaude konponbiderako eta normalizazio politikorako bidean jarriko gaituzten jarrera politikoak hitzartzetik. Terrorismoarekin, indarkeriarekin eta elkar ezin ulertu politikoarekin jarraitzen dugu".

Hala ere, Zabaletak ez du uste Batasunaren kontrako operazioa Espainiako Gobernuak bultzatu duenik, eta Garzonen ekimen independentea dela iritzi dio, azken hilabeteetako irizpideak aldatuta.

Egoera zaila izan arren, elkarrizketaren bidetik lan egiteko premia azpimarratu du Zabaletak, eta Ahotsak-ek horretan jarraitzen duela agertu du: "Guk lanean jarraitzen dugu. Inongo momentutan ez diogu utzi lan egiteari. Egungo panoramak erakusten digu inoiz baino garrantzitsuagoa dela indarkeria amai dadin lanean jarraitzea, hori da gure helburua, eta horretan ari gara".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.