Euskal Herri osoko ia alderdi guztietako emakumeak biltzen dituen Ahotsak ekimenak lanean eta aurrera jarraitzen duela agertu du Gemma Zabaleta PSE-EEko legebiltzarkide eta mugimenduko kideak, eta urte hasieran bizi i zan zuen krisialdia gainditzen ari dela.
Izan ere, urte hasieran momentu gorabeheratsuak bizi izan zituen ekimena, abenduaren 30ean ETAk Madrilen egin zuen atentatuaren ondoren. Kideetako batzuk mugimendu gisa atentatua gaitzesteko premia aldarrikatu zuten, beste batzuk ez ziren horrekin ados, eta une batean guztien adostasunik ez zuen agiri bat filtratu zen. Egun, agiri horren inguruan %90eko adostasuna lortu dutela agertu du Zabaletak: "Lanean jarraitu dugu, eta %90 inguruko adostasunera iritsi gara prentsan agertu zen agiri haren inguruan. Gainera, agiri hori gure webgunean dago indarkeria deslegitimatzen duen jarrera argi baten erakusgarri. Jarraitzen dugu lanean jarrera komunak lortzearren, eta ekitaldi publikoetan ere elkarrekin parte hartzen dugu". Eztabaida tarteko, jendaurreko agerraldiak bertan behera utzi zituzten bolada labur batez, baina abiatu dituzte berriro.
Zabaletak azpimarratu du bakerako oinarriak eta itxaropena bizirik mantentzea dela une honetan beren helburu nagusietako bat. "Bizirik mantendu nahi dugu bide bakarra elkarrizketa dela dioen oinarria. Baldintzarik gabeko elkarrizketa; batzen gaituena aintzat hartu eta banatzen gaituena albo batera uzten duen metodologia politikoan oinarritutako elkarrizketa, hain justu, banatzen gaituen horretan sakontzen joateko". Oro har, politikan bestela jokatzen dela iritzi dio PSE-EEko legebiltzarkideak, hots, gizartearen borondatea errespetatzen duten planteamenduen ordez alderdien interesen araberakoak egiten direla. Alderantziz jokatzeko deia egin du.
Abenduaren 30eko atentatuaren ondorioz prozesua bertan behera geratu zela esan du Zabaletak, eta egun berdin jarraitzen duela. Hala ere, Espainiako egungo gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapaterorenak, bakea lortzeko "erabakitasun handia" duela nabarmendu du, eta, beraz, itxaropena hor dagoela. "Gure historia gertatu berrian inoiz ez dira hain argi egon gobernu baten aldetik zeintzuk diren bakerako arauak. Arau argiak dira: indarkeriarik eza, legalitatea betetzea, bakea iristeko demokraziak erabateko baliabideak izatea, eta eztabaida politikoa eta bakerako bidea bereiztea. Arauak ez dira inoiz hain argi egon, eta inoiz ez da izan gobernu baten aldetik bakea iristeko hainbesteko erabakitasunik".
Prozesua etenda egon arren, hura ahalbidetu zuten oinarriek indarrean jarraitzen dutela uste du: "Oinarriak hor daude, bazeuden T4ko atentatuaren aurretik, eta nire ustez baliagarriak dira oraindik, indarrean daude. Gobernuaren aldetik argia da bake bidearen eskaintza, eta beste batzuek dira benetan mugitu behar dutenak, eta bide hori berenganatzeko erabakitasuna agertu behar dutenak. Baina inoiz ez dira gauzak hain argi egon, eta hori oso itxaropentsua da".
Politika
Gemma Zabaleta: "Inoiz ez da izan gobernu baten aldetik bakea iristeko hainbesteko erabakitasunik"
Ahotsak-ek lanean eta adostasunetan aurreratzen jarraitzen duela agertu du PSE-EEko legebiltzarkide eta aipatu mugimenduko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu