Gemma Zabaleta PSE-EEko kide eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak (Donostia, 1956) politikako lehen lerroa uztea erabaki du, eta hala jakinarazi dio Patxi Lopez PSEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako lehendakariari. Arratsaldean prentsaurreko bat eman du, alderdiaren Bilboko egoitzan.
"Oso lasai noa, egin beharrekoa eginda. Harro nago egindakoaz eta esandakoaz", adierazi du Zabaletak. 25 urtean aritu da politikan, eta orain irakaskuntzara itzuliko da. "Politikaren duintasunerako mezua" da erretiroa, haren arabera, politikariak ez daudelakoan "edozergatik" kargu publikoetan. Halaber, belaunaldi aldaketa bultzatu nahi du erabaki horrekin, Bilbon esan duenez.
1998tik 2009ra artean eusko legebiltzarkidea izan zen, eta legealdi honetan sailburua da, lehen aldiz. Bere aroa bukatu dela esan dio Lopezi. Jaurlaritzan egoteagatik bere xede gorena bete dela azaldu du Zabaletak. ELAk gaur arratsaldean esan du hark Jaurlaritzan egindako lana oso txarra izan dela, "eskuin ekonomikoaren politika aplikatu baitu".
2002an PSEko idazkari nagusi izateko aurkeztu zen, ildo "baskista" ordezkatuz. Lopezek irabazi zituen orduan barne mailako bozak, eta harrezkero bera da alderdiko idazkari nagusia.
2006an, bake prozesu garaian, Ahotsak emakumeen mugimendu zabalean parte hartu zuen.