Genero bortizkeriak eragin 175 auzibide izan ziren iaz Baionan

Urtarril eta irail artean 322 emazteri eta 325 haurri eman diete laguntza biktimen elkarteek

Behatokiko partaideak, atzo, Baionan egindako agerraldian. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Emazteek Pairatzen Duten Bortizkeriaren Baionako Behatokiak «isiltasuna» urratzeko deia egin zuen atzo. Errealitateak, ordea, irakurketa argia eskatzen du eta kazetarien galderei erantzunez, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak eman zituen eguneko kopuru urriak. 2010ean bikote baitako bortizkeriari zegozkion 175 kasu epaitu zituzten Baionan, horietako laurdenak ez zuen jarraipenik ukan.Zigorrak izan ziren 140 kasutan, heren bat izan zirelarik ordezko zigorrak: gurasotasun ikastaldiak, jarraipen neurriak. Bertze bi herenetan zigorrak irmoak izan ziren, kasu batzuetan espetxe zigorrak —aldintzapean edo irmoak—, isun handiak, urruntze aginduak edo bertze.

Aitzineko urteotan antzeko kopuruak atzematen direla nabarmendu zuen Kayanakisek, 2009an 210 kasu, 2008an 189 kasu eta 2007an 188 kasu. Emendatzerik ez, baina, hala ere, kopuru horiek erakusten dute argiki bederen bi egunetarik behin auzitegietara heltzen diren tratu txarrak pairatzen dituela Ipar Euskal Herriko emazte batek etxean.

Alta, auzitegiak ebazten dituen kasuak baino ez dira horiek. Biktimei laguntza ematen dieten elkarteek 333 emazte lagundu dituzte urtarriletik irailera eta horiekin batera, 325 haur. Usu, emazteek pairatzen duten bortizkerian haurrak ez direla kontuan hartzen azaldu zuen Claire Bezek laguntza elkarteen izenean. Eta haiengana heltzen ez diren kasuak existitu eta anitz direla azpimarratu zuen.

Bezperan, talde feministekin egindako bilkuran, Baionako prokuradoreordeak prentsaren aitzinean aipatu ez ziren bi kopuru eman zizkien. Batetik azaldu zien bortizkeriengatik izaten diren ehun prozeduretatik 99 emazteei dagozkiela. Bertzetik, 22 kasutik bakarra heltzen dela epaitegietara. Datu hori Ipar Euskal Herriari badagokio, emaitza sinestezinalitzateke. Alegia 140 gizon zigortzen badira urtean eta tratu txarren ratio hori egokituz, erran nahiko luke urtean 3.000 kasu leudekeela. Erakunde ofizialek, datu orokorrak gordetzean, zalantza horri bide egiten diote eta ez dute mesfidantza gelditzen.

Kezkarako elementu ugari daude eta horietako bat dira familia topalekuak. Harremanik ez duten gizon eta emazteak hartzen dituzte egitura horiek, haurren zaintza partekatua delarik. Elkarteek kudeatzen dute zerbitzu hori eta iaz 20.000 euroko diru galera izan zutela jakinarazi zuen Andre Montaut biktimei laguntza ematen dien elkarteko presidenteak. Aurten errealitate bera dutela eta galera ezin dutela bete jakinarazi zion Laurent Nuñez Baionako suprefetari, gogoratuz zerbitzu horri diru laguntza kendu diola estatuak.

Zailtasunak zailtasun, eragile guztiak bildu eta emazteek pairatzen duten bortizkeria deuseztatzeko urratsak eman behar direla erantzun zion Jean Grenet Baionako auzapez eta Frantziako diputatuak.

Telefono zenbakia

Bortizkeria kasuak salatzeko parada eman nahi die behatokiak emazteei. Horretarako bertatik kudeatuko den telefono zerbitzua ezarriko dute plantan urtarriletik aitzina. Baionako Les Mouettes egoitzatik kudeatuko dituzte larrialdi deiak, nahiz eta oraindik ez duten langile gehiagorik ezarri. Gau eta eguneko harrera bermatuko dute, nahiz eta gauean zentroak langile bakarra ukan. Egituraren prekaritateanabarmena da.

Keinu baikorrak badirela nabarmendu zuen Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Behatokiaren bultzatzaileak. Izan ere, Angeluko Herriko Etxea eta Bokalekoa Behatokian sartu dira. «Ez du zentzurik behatokia Baionara mugatzea, haren eginkizuna Ipar Euskal Herri osora zabaldu behar da eta maila horretan egituratu» erran zuen Bisautak. Egitura zabaltzeko urratsak eginen dituzte aurki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.