Genero indarkeriaren biktima guztiek bizkartzaina izatea. Hori proposatu du Bizkartzain Aktiboen Elkarteak, modu horretan «dozenaka emakumeren hilketak suposatzen duen gaitza» eragotz daitekeelakoan. Orain dela bi aste bizkartzainen bozeramaile Jon Martinez kezkatuta azaldu zen prentsaren aurrean, egoera politikoaren aldaketaren eta ETAren su-etenaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak bizkartzainen zerbitzua egokitu duelako, eta bizkartzainen kopuruaren gutxitzearekin, 500 lagun langabeziara joango direla ohartarazi zuen. Hain zuzen ere, orain 500 bizkartzain horiek genero indarkeriaren biktimak babestenjarri nahi ditu Bizkartzain Aktiboen Elkarteak.
Elkarte horrek berak, Nafarroako ASP92 Segurtasun Pribatuko Elkarteak eta Prodeen, Euskadi eta Nafarroako bizkartzainen eskubideen babeserako plataformak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diete genero indarkeriaren biktimen babesa «orokortu» dezaten. «Izan ere, joan den urtean 77 emakumeren hilketa sufritu genuen, eta 2011. urte honetan dagoeneko 33ra iritsi da hildakoen kopuru beldurgarria». Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan genero indarkeriaren ondorioz hildakoak dira horiek.Euskal Herrian zazpi emakume hil ziren joan den urtean bikotekide, bikotekide ohi edo etxeko beste gertukoren baten esku. Aurten, berriz, hiru andre hil dira emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz.
«Datuek dena esaten dute», bizkartzainen iritziz. «33 emakume horietatik hamarrek salaketa jarria zuten, eta zazpik babes neurriak eskatu zituzten. Zoritxarrez, neurri horiek ez ziren nahikoa izan». Koiuntura politiko berriarekin, «eta politikariei nahiz enpresariei babesa emateari uztearekin», emakumeen zaintza beren gain hartzeko prest daude bizkartzainak. «Politikariek esan dute diru arazorik ez dagoela, eta orain lan hori egiteko profesionalak dituzte. Heriotza horiek saihesteko borondate politikoa besterik ez da falta. Gu prest gaude lanean hasteko». Elkarteen arabera, gaur egun 45 bizkartzainek egin dituzte genero indarkeriaren biktimen zaintza lanak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Bizkartzaina erasotzaileari
Datozen hilabeteotan, besteak beste, Emakunderekin eta Clara Campoamor elkartearekin biltzeko asmoa agertu dute bizkartzainen elkarteek beren asmoen berri emateko. Hala ere, Clara Campoamorreko presidente Blanca Estrella Ruizek atzo bertan aurreratu zuenzaintza lana «tratu txarren eragileei» egin behar zaiela, eta hori helaraziko dietela bizkartzainen elkarteei. «Bizkartzain zerbitzuek ondo egiten duten beren lana, baina gizonezkoari jarraitu behar diote; ez emakumeari». Hain zuzen ere, era horretako neurriak tratu txarrak eragiten dituzten gizonei ezarri behar zaizkiela uste du Ruizek, «epailearen aginduarekin eta kontrolarekin, eta bestelako neurriek funtzionatzen ez dutenean».
Dena dela, erasotzaileen zaintza egiteko profesional egokienak bizkartzainak direla deritzo Clara Campoamorreko presidenteak: «Pentsatzen dugu ezin ditugula jarri polizia eta ertzainak modu esklusiboan erasotzaileei segika. Bizkartzainak, aldiz, horretarako prestatuak daude».
Bizkartzain elkarteen aburuz, gaur egun 500 profesional daude lan hori egiteko «kualifikatuak», eta «oso epe laburrean, bizkartzainen %100ek beren burua birziklatua izango dute lan horretan aritzeko».
Ruiz bezala, Andrea kolektiboaren bozeramaile Tere Saiz bizkartzainak erasotzaileei jartzearen alde dago. «Bizkartzaina tratu txarrak eragiten dituenak eraman behar du; berak eraman behar du gainean zama hori». Emakumeen babesa ziurtatu behar dela argi du Saezek, baina bizkartzainen erabilera orokorra izango balitz, emakumeak berak biktimizatuak egongo lirateke. «Eta emakumeak erabaki behar du bizkartzaina nahi duen ala ez. Egun osoa kontrolatua pasatzeak ez du laguntzen emakumeei autonomia ematen. Eta gainera zeure ingurunetik urrun zaitzake».
Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearen iritziz, halaber, emakumearen askatasuna ez da mugatu behar, eta bizkartzaina ezartzeak hori ekarriko luke. «Erasotzaileak izan behar dira beren askatasuna mugatuak izan behar dutenak. Kontrolatuak egon behar dutenak». Hala ere, azken urteetan emakumeen babesa sustatzeko egin diren lege edota arauek ez dutela arazoa konpondu dio Iraolak: «Eta polizia edo bizkartzain gehiago jartzeak ez du arazoa konponduko. Irtenbideak integrala izan behar du». Inbertsioa hezkuntzan egin behar dela «eta beste balore batzuetan»oinarritutako heziketa landu behar dela uste du Bilgune Feministako kideak.
Era berean, genero indarkeriaren aurrean, emakumeek euren artean biltzearen garrantzia azpimarratu du Iraolak. «Beldurra eta indarkeria nola bizi ditugun partekatu behar dugu gure artean. Eta autodefentsa feminista daukagu horretarako bitartekoetako garrantzitsu bat».
Aztertu beharreko gaia
Bestalde, Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea prest azaldu zen, atzo, bizkartzainen elkarteen asmoak aztertzeko, nahiz eta oraindik ez duen jaso inolako proposamenik: «ETAren eta bere inguruaren helburu potentzialen babesean ari diren bizkartzainen lana gutxitzea, berez, albiste ona da. Horrek esan nahi du bide onean goazela, arreta galdu gabe. Baina ETA desegin arte, beharrezko prebentzioari eutsi beharko diogu».
Bizkartzain horiek emakumeen zaintzan jartzeko, ordea, azterketa egin beharko litzateke Jimenezen irudiko, «beharrak dauden ala ez jakiteko». Nafarroako Barne Zuzendaritzak eta Foruzaingoak genero indarkeriaren biktimen arretari «garrantzia handia» emango diotela adierazi zuen PSNko buruak: «Neurri guztiekin egin behar diogu aurre gaitz horri. Prebentzioarekin eta baita emakumeei duintasunarekin eta askatasunean bizitzeko aukera emango dien segurtasuna emanez».
Genero indarkeria
Genero bortxaren biktimak zaindu nahi dituzte bizkartzainek
Testuinguru politiko berrian 500 profesional emakumeen zaintzarako libre daudela uste dute Hego Euskal Herriko bizkartzainekTalde feministek diote erasotzaileak kontrolpean izateko egin behar dela zaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu