Genero indarkeriagatik 11 salaketa jasotzen dituzte egunean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako genero indarkeriaren arloko epaitegiek, eta 5,5 babes agindu eskatzen dira batez beste, azken urtean pilatutako datuen arabera. Babes eskaerak dira goratze nabarmena izan dutenak aipatutako epaitegiak orain dela hiru urte abian jarri zirenetik: %50 igo dira azken lau urteetan. Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren esanetan, datu horrek erakusten du emakume salatzaileek ondo baloratzen dutela agindua ematen duen babesa eta agindu horren berehalakotasuna. Kasu askotan behin-behineko babes neurria ustezko erasotzailearen urruntzea da.
Hiru urte bete dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako genero indarkeriaren arloko epaitegiek, eta 2005eko ekainaren 29an lanean hasi zirenetik eskaini duten zerbitzu kopurua urtero handitu da. Zigor arloko auzien eta babes aginduen eskaerak ez ezik, auzi zibileko gaien eskariak ere gora egin du. Auzi zibileko gaien kopurua ez da hainbeste handitu beste bi datuekin alderatuta. Dena den, izan duen goratzea positibotzat jo du Azkarragak, delitua izatera heltzen ez diren arazoak konpontzeko bidea dela deritzo eta. Auzi zibilaren garrantzia agerian gelditzen da Zaragozako Unibertsitateak (Espainia) babes integralaren neurriei buruzko lege organikoaren inguruan egindako azterlanaren ondorioetan. Bide penala tratu txarren kasuetaramugatzea proposatzen dute ikerlana egin dutenek .
Ikerlanak, erabakien oinarri
Epaileekin, fiskalekin, poliziekin, psikologoekin, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin eta genero indarkeriaren biktimen elkartearekin hitz egin du Zaragozako Unibertsitateak ikerlana egiteko. Ondorioen artean nabarmendu dute biktimek babes psikologikoa behar dutela erabakiak hartzeko. «Eta egoerari aurre egiteko», gaineratu du Azkarragak. Emakumeak laguntzen ez duenean edo salaketa kentzen duenean erasoa frogatzea zaila dela ere argi azaltzen da ikerketan. 2007an, 404 alditan biktimek uko egin zioten salaketa jartzeari. «Kopuru horri jarri ez ziren salaketak gehitzen badizkiogu... Bide luzea dugu oraindik egiteko».
Zaragozako Unibertsitatearen ikerlanean ez ezik, Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiak biktimekin egindako azterlanaren ondorioetan ere oinarritu da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila 2008rako berrikuntzak egiteko. Horien artean azpimarratzekoak dira biktima atzerritarrei bideratutako neurriak. Hizkuntza zerbitzuak indartuko dira eta zenbait hizkuntzatan idatzitako liburuxkak banatuko dira, biktimek beren eskubideen berri izan dezaten.
Neurri berrien artean nabarmentzekoa da Barakaldon (Bizkaia) indarkerian espezializatutako epaitegia abian jarri dutela. Bilboko epaitegian azpiegitura egokitu eta lan taldea indartu dute. Genero indarkeri kasuetan protokoloak diseinatuko dituzten unitateak ere abian jarriko ditu Jaurlaritzak.
Genero erasoen biktimen babes eskeak %50 igo dira hiru urtean
Genero indarkeriaren arloko epaitegiek egunero batez beste 11 salaketa jaso dituzte azken urtean, 2005ean baino %10 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu