Genero indarkeria egotzita, hiru gizon atxilotu dituzte

20 eta 43 urte artean dauzkate ustezko erasotzaileek; Iruñean eta Berriozarren atzeman dituzte

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Foruzainek hiru gizon atzeman dituzte azken astean Nafarroan, emakumeen aurkako tratu txarrak egotzita. Larunbatean 20 urteko gazte bat atxilotu zuten Iruñean, ustez bikotekidea jotzeagatik. Biktimak berak salatu zuen gizona polizia etxean. Foruzainek adierazi dutenez, atxilotuak aurrekariak zituen genero indarkeria delituengatik.

Ostiralean, Iruñean bertan, beste gazte bat atzeman zuten, amari etengabeko tratu txarrak ematen zizkiolakoan. Atxilotuak 21 urte ditu, eta Foruzainen azaldu dutenez aurrekariak zituen. Amak berak jarri zuen semearen aurkako salaketa.

Hilaren 19an, berriz, 43 urteko Irurtzungo gizon bat atxilotu zuten Berriozarren, bikotekide ohiari tratu txarrak ematea leporatuta. Ustezko erasotzaileak 43 urte ditu. Bikote izandakoak bi seme-alaba ditu.

Gizonak berdintasun bidean

Azken bi urteetan, bestalde, 2.242 gizonek hartu dute parte Emakundek berdintasuna sustatzeko antolatu dituen ikastaroetan. Ikastaroak aurrez aurre eta Internet bidez eskaini ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen institutuak. 2007an abian jarritako Gizonduz ekimenaren karietara antolatu ditu ekimenak Emakundek. 2009ko ekainean hasi zituzten, eta oraingoz, 2.242 gizonek eta 1.928 emakumek hartu dute parte. Gainera, 10.000 gizonek sinatu dute berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako gizonen karta. 28.000 aitari bidali die, berriz, Emakundek, aitatasuna «arduraz eta berdintasunez» eman dadin materialak biltzen dituen motxila.

Hilaren 7 eta 8an maskulinitateari eta berdintasunari buruzko kongresu bat egin zen Bartzelonan, eta bertan azaldu zituen Emakundek orain jakinarazi dituen datuak.

Etorkizunari begira dituen erronkak ere ezagutarazi zituen Bartzelonan Emakundek. Aipagarrienak hauek dira: Interneten eta sare sozialetan duten lekua handitzea; teknologia berrien bidez berdintasuna sustatzea gazteen artean, eta abian dituen prestakuntza eta sentsibilizazio programak indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.