Ikasleak genero indarkeriaren prebentzioan hezteko plana zabalduko du Eusko Jaurlaritzak 2013-14ko ikasturtean. Bazterkeria eta indarkeria sexista guztiak alde batera uztea du asmoa hezkidetza planak.
Aurreko ikasturtean hamar ikastetxetan aritu dira probak egiten, eta aurtengo ikasturtean 50 zentrotara zabalduko dute esperientzia.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek gaur goizean aurkeztu du plana, Bilbon. Ikasleak "sexuaren araberako estereotipo eta rolak" alde batera utzita heztea da planaren helburua.
Horren barruan, Uriartek nabarmendu du sexu joerarengatik ikasle batzuek jasaten duten bazterketari ere aurre egin nahi diola egitasmoak.
Planean parte hartuko duten ikastetxeek baliabideak, aholkularitza eta laguntza jasoko dituzte, hezkidetzan eta genero indarkeriaren prebentzioan aritzeko. Zentroetan arduradunak jarriko dituzte, eta trebatu egingo dituzte.
Uriartek nabarmendu du horrelako politiketan "aitzindaria" dela Eusko Jaurlaritza. Baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza komunitatea ere, orokorrean.
Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak, hain justu, hezkuntza komunitateak hezkidetzan egiten duen ahalegina nabarmendu du, baina erantsi du asko dagoela egiteko oraindik.
Planak ekarriko du, aurrerantzean, "konpromiso sistematiko eta integral" bat edukitzea hezkidetzarekin, Aurrekoetxearen esanetan.