Genero indarkeriaren aurka «gehiago» egiteko eskatu du EAEko arartekoak

2007an egindako lanaren txostena aurkeztu du Iñigo Lamarcak Eusko Legebiltzarrean

Jon Rejado.
2008ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Emakumeen kontrako indarkeriaren kontra EAEko Administrazio publikoek «gehiago» egin behar dute. Orain arte egin diren ahaleginen garrantzia onartu arren, Iñigo Lamarca EAEko arartekoak bide horretan sakontzeko beharra nabarmendu du. Arartekoak jasotzen dituen kexen bitartez, egun dauden mekanismo publikoen baldintzak hobetu daitezkeela uste du. Indarkeriaren biktima izan diren pertsonak babestutako etxebizitzara sartzeko egun dauden arauen aplikazioa, esaterako, aldatzeko beharra dagoela deritzo.Izan ere, gaur egun erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia ez den kasuetan, biktimak ez du babes ofizialeko etxebizitzatan sarbidean lehentasunik. 2007an emakume baten kexa jaso zuen Arartekoak horren harira. Eraso egin zion pertsona anaia zenez, haien gurasoen etxetik alde egitean ez zuen lehentasunik babes ofizialeko etxebizitza lortzerako orduan.

Zerbitzuen eta epaitegien arteko irizpideak ere bateratzeko beharra dagoela deritzo Arartekoak. Horren harira kexa bat jaso zuen Arartekoak iaz. Emakume bat, erasoak jaso dituzten emakumeen zentro batean zegoela, bikotekidearen kontrako salaketa jartzera joan zen. Zentroa bikotekidearen herrian ez dagoenez, herriz herri ibili behar izan zuen emakumeak salaketa jartzeko, eta, horietako batean, ustezko erasotzailearekin topo egin zuen. Horren aurrean, zentro horietako profesionalen garrantzia nabarmendu du arartekoak, biktimekin duten harremana lagungarria izan daitekeelako.

Kexa eta aholku horiek guztiak Arartekoaren 2007ko txostenean agertzen dira. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo aipatutako txostena, eta iaz egindako lanaren berri eman zuen hedabideen aurrean. Guztira 4.161 kontsulta jaso zituen Arartekoak 2007an, gehienak hiru hiriburuetan dituen bulegoetan. 1.558 kexa jaso zituen, gehienak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren kontra. Iaz baino 120 kexa gutxiago dira. Txostenean, gai zehatzen inguruan egindako ikerketen berri ematen da, baita sumatu dituzten arazoen inguruko aholku orokorrak ere. Hona txostenaren ardatzak, gaika;

Polizia eta datuen babesa

Datu Pertsonalen Babesaren Lege Organikoaren harira, Ertzaintzak eta udaltzaingoek polizi xedeekinbiltzen dituzten datu pertsonalak ofizioz baliogabetzeko gomendioa egin du Arartekoak. Poliziak egin behar dituen ikerketetarako beharrezkoak ez diren datuak baliogabetu behar dituzte lege organiko horren arabera. Hau da, epai baten ostean errugabetzat jo den pertsonaren datuak deuseztatu behar dituzte, besteak beste. Hori kasu guztietan gertatzen ez dela ikusita, horren inguruko gomendioa egin du Arartekoak. Gomendio horrek ez du eraginik Estatuaren defentsarako gaietan, segurtasun publikoa tartean dagoenean, hirugarrenen eskubide eta askatasunen babesean edo bidean dauden ikerketa lanen premietarako arriskua dakarten gaietan.

Gizarte bazterketa

Langabezia, eta gizarte eta familiarekiko harremanen haustura. Horiek dira Arartekoaren arabera, gizarte bazterketarako zio nagusi bi. EAEko pertsona guztiak modu aktiboan gizarteratzeak administrazio publikoen helburu nagusia izan behar duela deritzo. Arartekoak administrazioek ildo horretan egiten dituzten jarduerako kontrolatzera bideratzen bere du lana. 2007an hainbat txosten eta beka atera ditu horren inguruan. Osasun arloko gizarte desberdintasunak EAEko biztanleen artean ikerketan, adibidez, egoera sozioekonomikoak eta generoak osasunean duen eragina aztertu du.

Etxebizitza politika publikoak

Babes publikoko erregimena duten etxebizitzak sustatzeko politikak nabarmendu ditu Arartekoak, horren harira egindako txostenean. Alokairuzko etxebizitza babestuaren apustua egiteko beharra nabarmendu du bertan, gazteek lehen etxebizitza bilatzerakoan dituzten zailtasun ekonomikoei aurre egin ahal izateko modu egokiena delako. Etxebizitza lortzeko prozeduren artean baremazioari lehentasuna eman dio zozketen ordez. Babestutako etxebizitzen parkearen kudeaketan famili unitateen egitura aldaketa kontuan hartzeko beharra azpimarratu du, halaber. Oinarrian, babes publikoko erregimeneko etxebizitzak sustatzeko politikak aldatu behar direla adierazi du, askotan kexa iturri direlako eta egoera bidegabeak sortzen dituztelako.

Erroldaren garrantzia

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen egoera hobetzeko ahaleginean erroldaren garrantzia nabarmendu du Arartekoak , besteak beste. Bazterketa arriskuan dauden etorkinentzat errolda gizarteratze bidean tresna garrantzitsua da. Arartekoak sorreratik bertatik gai honen inguruko kexak izan dituela onartu du Arartekoak, udal askok zailtasunak jartzen baitituzte alor horretan. Errolda emateko garrantzitsuena pertsona hori udalerrian bizi dela jakitea da.

Adingabeen aurkako indarkeria

Indarkeria kasuak bereziki kezkagarriak gertatzen zaizkiola adierazi du Iñigo Lamarcak. Horien barruan, adingabeen aurkako indarkeria nabarmendu du, iaz kasu gutxi gertatu ziren arren. Gai horren inguruan ekimen ezberdinak bultzatu ditu Arartekoak. Ikastetxeetako elkarbizitzaren inguruko eztabaida bilerak, hitzaldiak... Ikerketa berri bat egin du Arartekoak elkarbizitzan baloreek duten garrantzian sakontzeko. Eskola gai interaktiboak ateratzeko pausuak eman ditu ere derrigorrezko lehen hezkuntzara bideratuta.

Espetxeratuak

Arartekoak egungo zigor sistemaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. 1996an alor horretan egindako gomendioen eguneratzea eta jarraipena egin du, eta, gaur egungo egoeraren aurrean, hainbat ildo nagusi zehaztu ditu. Hirugarren graduko sailkapena duten presoak bideratzeko politikak gauzatzea, emakumeen egoera aintzakotzat hartzea, espetxeratuen segurtasun neurriak hobetzea, espetxe barruko psikiatria sustatzea, espetxeetako gizarte laguntza bultzatzea, eta preso dauden atzerritarrenegoera arretaz aztertzea dira gakoak .

Adinekoen bizi-baldintzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartearentzat erabateko erronka da, Arartekoaren ustetan, adineko gizon eta emakumeen bizi baldintzak hobetzea. Horren barruan hiru zerbitzu aztertu ditu batez ere: egoitza zentroak, eguneko zentroak eta etxez etxeko laguntza zerbitzua. Urtez urte zerbitzu horiek handituz joan direla nabarmendu du Arartekoak, baina premiak gehitu ahala, baliabideak sortzen joatea ezinbestekoa dela. Mendetasunaren Legearen jarraipen gertukoa egiten ari dela aurreratu du.

Gaixo kronikoak

Hiesa, bizkarrezur bifidoa, fibromialgia eta bestelako gaixotasun kronikoekin lotutako elkarteekin harremana du Arartekoak, osasun sistemak ez baititu aintzat hartzen gaixo horien berariazko premiak. Hala, gai horren inguruko kexak jaso zituen iaz. Buruko gaixotasun kronikoa duten pertsonen egoera ere kezka iturri da. Haurren eta nerabeen artean buruko gaitz kronikoek gora egin dutela ohartarazi du, neurriak hartu behar direla nabarmenduz.



DATUA

%89,7

Konpondutako irregulartasunak.

EAEko Arartekoaren esku-hartzearen eraginkortasuna oso adierazgarria da. Hala, jasotako kexak aztertu ondoren okerreko jarduera gertatu zela ondorioztatutako hamar kasutatik bederatzik aintzat hartu zituzten iaz Arartekoak emandako gomendioak.311 eskakizun egin zituen Arartekoak zegokion administrazio publikoaren kolaborazio ezaren aurrean, eta hamar ohartarazpen egin zituen eskakizunei ez erantzuteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.