Gaur goizean osatuko dute Arabako Lurralde Auzitegian genero indarkeriaren biktimei eman beharreko erantzuna "hobetzeko" lurralde mailako batzordea. Erakundeen arteko koordinazioaz gain, babes handiagoaa bermatzeko protokoloak ere landuko dituzte, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak azaldu duenez. Gipuzkoan, datorren astean eratuko dute batzorde hori, eta Bizkaian, Gabonen ondoren.
Arabako kasuan, epaileak, diputazioko eta Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuetako ordezkariak, eta Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren ordezkariak izango dira partaideak. Batzorde horiek sortzea Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Estatuko Itunean jaso zuten, eta CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartu zuen neurria uztailean.
EAEn, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Segurtasun Sailen laguntza izango dute batzorde horiek, besteak beste, biktimek auzitegietara heltzeko zailtasunak dituzten kasuetan. Arabako kasuan, esaterako, Gasteiztik kanpoko biktimei auzitegira errazago iristeko zerbitzu bat jarriko lukete martxan. Biktimei tresna "eraginkor" bat eskaintzea da helburua, Ibarraren hitzetan.