Genero indarkeriaren biktimen kontrazaintzan ari dira 135 ertzain

Bilbon gizonezko bat atxilotu dute, bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzea leporatuta

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du egunotan 135 ertzain hasi direla genero indarkeriaren biktimak babesteko kontrazaintza lanak egiten. Orain arte ETAk mehatxatutako pertsonen zaintzan ziharduten poliziak dira denak, orain beren jarduna eraldatu egin dutenak; genero indarkeriaren biktimak babesten hasi dira. Eta jardun horren erakusgarri, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu du egin dutela lehendabiziko atxiloketa: asteazkenean, hain justu, Bilbon 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekide ohiarengana hurbiltzeko debekua urratzea leporatuta.

Ertzainek aditzera eman dutenez, emakumearen etxeko sototik ateratzen ikusi zuten urruntze agindua ezarria zuen gizonaren itxura bereko gizon bat, eta berehala hartu zioten susmoa. Galdezka hurbildu zitzaizkion, eta zaintzen ari diren emakumearen bikotekide ohia zela berretsi zuten. Debekatua zuen bertan egotea; epailearen aginduz, beti, gutxienez ere, kilometro erdira egin behar du. Ezin da gehiago gerturatu. Gizonezko hori, aurretik, joan den irailaren 3an atxilotu zuten ertzainek; bikotekideak eraso egin ziola salatu zuen, eta heriotza mehatxuak ere egin zizkiola. Lehendik ere erasotzailea sarri jazarri zitzaiola azaldu zuen andreak, eta zaintza neurriak eskatu zituen, gizonaren beldur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.