Urtarriletik ekainera bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.952 emakumek tratu txarrak jasan dituzte, gutxienez behin. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak urteko lehen seihilekoari dagokion balantzea egin du, eta, horren arabera, genero indarkeriako 2.357 kasu izan dira autonomia erkidegoan. Datu horiek adierazten dute 2010eko lehenengo seihilekoekin alderatuta biktimen nahiz genero indarkeria kasuen kopuruak gora egin dutela aurten: iaz, 1.763 izan ziren biktimak —aurten %10 gehiago—, eta 2.029 emakumeen kontrako indarkeria kasuak —aurten baino %14 gutxiago—. «Zenbakiak gora egiteak kezkatzen gaitu, baina kontuan izan behar dugu alderaketa 2010. urtearekin egiten dugula, eta iaz jaitsi egin zela genero indarkeria kasuen kopurua, aurreneko aldiz zortzi urtean», adierazi du Mariola Serranok, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak.
Balantzeak erakusten du oraindik ere emakume asko ez direla ausartzen euren erasotzailea salatzera. Izan ere,Serranok argitu duenez, urtarriletik ekainera bitartean Ertzaintzak 519 ikerketa egin ditu tartean biktimaren salaketarik izan gabe. Hau da, tratu txarrak pairatu dituzten lau emakumetik batek ez du erasotzailea salatzen. Ildo horretan, Serranoren iritziz, hainbat arrazoi daude emakume batek bere kontrako indarkeria ez salatzeko: «Errepresaliei beldurra edukitzea, biktimak babesten dituzten legeen edota lagunduak izateko dituzten baliabideak ez ezagutzea, menpekotasun emozional edo ekonomikoa izatea, kultur arrazoiak...». Horrez gain, estatistikek «errealitatearen parte bat» erakusten dutela gaineratu du Serranok; «bizitzen ari diren egoera salatu nahi duten emakumeena. Baina zoritxarrez oraindik badira gizarte gaitz hau isilean sufritzen dutenak ere».
Biktimen segurtasunari dagokionez, egindako urratsak ere nabarmendu ditu Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak. Hain zuzen ere, jakinarazi du abuztuaren 31n jasotako datuen arabera 52 emakumek bizkartzaina dutela gaur egun. Iazko ekainean hamabi biktimak besterik ez zuen eskolta. «Arrisku berezian dauden emakumeei bizkartzaina eskaintzeko abenduan hartutako erabakiak ondorio zuzena izan du zaindutako emakume kopurua haztean».
Ekainaren 30ean hogei erasotzailek eta beste hainbeste biktimak eskumuturrekoa zuten uneoro non zeuden jakiteko, eta, horretaz gain, 242 emakumek Bortxa deituriko sakelako telefonoa zuten. Iazko ekainean 166 biktimak zuten telefono hori. Ildo horretan, emakumeen babesa eta erasotzaileentzako kontrol neurriak indartzeko asmoarekin, bizkartzainik nahi ez baina Ertzaintzaren arabera arrisku berezian dauden emakumeei GPSa eskaintzeko lanean ari da Zuzendaritza Fiskaltzarekin batera.
Genero indarkeria «denon» arazoa dela ere gogorarazi du Serranok. «Horregatik, datuak ezagutaraztea oso garrantzitsua da, gizartea larritasunaz jabetu dadin eta edozein kasuren aurrean benetako zero tolerantzia lor dezagun».
Ofizialki, bi hildako
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru emakume hil dira aurten bikotekidearen edota bikotekide ohiaren eskutan. Nolanahi ere, «estatistika ofizialetan» bi besterik ez dira azaltzen, Serranok berak zehaztu duenez: batetik, Rosario Roman, Hernanin uztailaren 3an hil zuten emakumea; eta, bestetik, Deisy Mendoza, bikotekide ohiak abuztuaren 22an Bilbon erail zuen andrea. Ekainaren 17an June Estornes hil zen, Durangon, leiho batetik erorita, eta egun batzuetara haren bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak. Dena dela, Serranok jakinarazi duenez, gizonari ez diote hilketa leporatu, baizik eta lesioen delitua.
Genero indarkeriaren biktimen kopurua %10 hazi da aurten EAEn
Urteko lehen sei hilabeteetan 1.952 emakumek jarri dute salaketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu