Politikarien solasaldia

Genero indarkeriaren inguruan "kontzientziazioaren eta neurri zehatzen" beharra aldarrikatu dute EAJ, PSE-EE, EA, Batasuna eta EB-IUko ordezkariek

Euskadi Irratiko ostiral goizetako politikarien solasaldian genero indarkeria izan dute hizpide nagusi, herenegun Bilbon hil zen emakumearen kasuaren kariaz. Hain zuzen ere, emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak gizarte arazo handia eta uste dena baino orokorragoa direla nabarmendu dute EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak, EAko Sabin Intxaurragak, Batasunako Pernando Barrenak eta EB-IUko Mikel Aranak. Instituzioek arazo horren inguruko kontzientziazioa areagotu behar dutela eta neurri zehatzak hartu behar dituztela aldarrikatu dute.

2004ko otsailaren 6a
17:02
Entzun
Hain zuzen ere, EAko Sabin Intxaurragak esan du emakumeen kontrako indarkeria"zoritxarrez" behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa dela, eta, beraz, horrek erakusten duela kulturarekin lotuta dagoela arazo hori. "Betidanik gizonek pentsatu dugu emakumeak gureak direla, eta hortik datoz arazoak", adierazi du. Ondorioz, instituzioek arlo horretan lan handia egin beharko luketela azpimarratu du, batetik, kontzientziazio kanpainak eginez, eta, bestetik, erasoak eragozteko "neurri zehatz eta gogorrak" hartuz. Ildo beretik, Espainiako Gotzainen batzarrak familiaren inguruan plazaratu duen azken txostena kritikatu du, askatasun sexualaren areagotzearekin lotu baitute agiri horretan genero indarkeriaren gehietzea.

EAJko Markel Olanoren iduriko ere, erro kulturalak dituzte emakumeen kontrako erasoek, eta, gainera, azken urteetako aldeketa sozial eta kulturalen ondorioz larriagotu egin direla iritzi dio. "Auzi horretan badago osagai kultural bat. Gizartea aldatu egin da, eta aldaketa horiek erraztu egin dute emakumeen kontrako indarkeria. Komunitate zentzua galdu egin da, eta familiak gero eta indibidualagoak dira; horrek badu zerikusia kasuen areagotzearekin. Izan ere, ingurukoen presioa eta kontrola galdu egin da, batik bat, hiri handietan, eta, ondorioz, errazagoa da etxe barruko indarkeria gertatzea. Ildo horretatik, beharrezkoa da komunitateak bere gain hartzea gai horren inguruko ardura", azaldu du.

Batasunako Pernando Barrenak, ordea, ez du uste azkenaldian genero indarkeria areagoatu denik. Aitzitik, betidaniko fenomenoa dela iritzi dio, bakar-bakarrik, azken urteetan kasu gehiago azaleratzen direla. Era berean, eragile politikoek arazo horri behar baino garrantzia txikiagoa ematen diotela iruditzen zaio Barrenari: "Gizartearen alde ilunenetako bat da, eta aurre egiteko, aldaketa sozialak eta instituzioek neurriak hartzea behar da. Izan ere, gizarte osoari eragiten dio, arazo orokorra da, bikotea gainditzen duena. Ildo horretatik, eragile politikoen aldetik ez dago arazoaren larritasunaren neurri bereko erantzunik", azpimarratu du.

EBI-IUko Mikel Arana bat etorri da Barrenaren aburu horrekin. Hain zuzen ere, genero indarkeriari ematen zaion izenetik beretik arazoa gutxietsi egiten dela agertu du. "Genero terrorismoa deitu beharko genioke, eta hartara, beste garrantzia bat hartuko luke. Etxeko indarkeria esaten badugu, itxi egiten dugu auziaren garrantzia". Izan ere, etxeko indarkeria eta tankera bertsuko izenak erabiltzean, arazoaren dimentsioa itxi eta eremu intimora mugatzen dela uste du EB-IUko kideak. "Ondorioz, ez du gizartean beharko lukeen adinako dimentsiorik hartzen. Gainera, klase baxuetan gertatzen den zerbait balitz bezala islatzen da, eta ez da hala. Azterketa horiei guztiei buelta eman behar zaie", nabarmendu du.

Argudio horietan, PSE-EEko Ramon Etxezarretak arrazoia eman dio Aranari, eta emakumeen kontrako tratu txarrak "fenomeno arrunt eta zabaldua" direla aintzat hartzea ezinbestekoa dela iritzi dio. "Gizartean maiztasun handiz gertatzen dira horrelakoak; ohikoak dira, ez dira estatus kontu bat". Erasotutako emakumeak babesteko eta erasotzaileak zigortzeak neurri zehatzak hartzeaz gain, hezkuntza sistemaren bidez pentsaera aldaketa bat landu behar dela argudiatu du Etxezarretak: "Eskolan-eta, umetatik erakutsi beharko lukete botere harremantzat dauzkagun horiek nola eraman".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.