Genero indarkeriari buruzko legea aldatuko dute

Nafarroako Gizarte Gaietarako kontseilari Elena Torresek uste du «arau zabalagoa eta osoagoa» behar dela

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Egungo errealitateari erantzunen dion legea». Horixe behar du Nafarroak emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan, Gizarte Gaietarako kontseilari Elena Torresek Nafarroako Parlamentuan erran duenez. Horretarako, bertze arau bat behar dela azaldu du. «Lege zabalagoa eta osoagoa behar dugu», nabarmendu du. Berdintasunerako Institutua testua prestatzen ari da jada, eta helburua, bertzeak bertze, prostituzioa, sexu esplotazioa eta emakumeen trafikoa aintzat hartzea da.

2002. urtean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legea, eta 2003. urtean moldatu zuen lehendabiziko aldiz. Emakumeen taldeek egindako lana izan zuen 2002ko legeak oinarri, neurri handi batean, baina talde horietako anitzek gerora salatu izan dute legea garatzeko arautegiek mamirik gabe utzi dutela testua. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nafarroako Plataformak, adibidez, behin baino gehiagotan nabarmendu du legeak kontuan hartu beharko lituzkeela sexu erasoak eta familia bereko kideen artekoa ez den emakumeen aurkako indarkeria. Oraingo legeak ez du hala egiten.

Elena Torresek erran du legeak «emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak» hartu behar dituela kontuan. «Emakumeen autonomia bultzatzea izan behar du helburu, eta tresnak eman behar dizkie jabetzeko», gaineratu du. Andreen aurkako indarkeriaren esparruan anitz egin dela argi du kontseilariak, baina baita anitz dagoela oraindik egiteko ere.

Datuek horixe erakusten dute. 2002. urtean 604 salaketa jarri ziren Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriarekin lotuta. 2011n, berriz, 1.227. Denbora horretan, 11 emakume hil dituzte.

Lanean jarraitzeko deia

«Denen artean konpondu beharreko arazoa da», erran du Torresek emakumeen aurkako indarkeriari buruz. Nafarroako Parlamentuko taldeek, hain zuzen ere, kezka agertu dute. Torresen agerraldia Bilduk eskatu du, eta talde horretako parlamentari Aitziber Sarasolak legea osatzearren herritarren parte hartzeari bidea emateko eskatu dio gobernuari.

PSNko Maria Victoria Arraizak ere parte hartzearen alde egin du, eta auziari «alde guztietatik» heldu behar zaiola gaineratu du. Salaketek gora egin izana kezkagarritzat jo du UPNko Carmen Ferrerrek, bertzalde, eta gogor lan egiteko eskatu du.

Nafarroa Baiko Xabi Lasak jarrera matxistekin lotu ditu eraso matxistak, eta gazteen artean ere gertatzen direla ohartarazi du. «Lanean jarraitu beharra dago». PPNko Enrique Martinen ustez, errealitateak agerian utzi du egungo legeak ez dituela espero ziren fruituak eman. Ildo beretik, salaketa jarri aurretik ere emakumeak artatzeko sistema hobetzeko beharra dagoela nabarmendu du Ezkerrako Txema Mauleonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.