Nafarroako Opus Deiko Unibertsitatea emakumea eta gizona ikuspegi antropologikotik aztertu, eta genero ideologiaren arrazoi, oinarri eta ondorio sozial, politiko eta juridikoak aztertzen ari da Generoaren Ideologiaren I. Nazioarteko jardunaldietan. Topaketaren nahia «oinarririk eta edukirik» gabeko ideologia «postmodernoaren» nondik norakoak zehaztea dela esan dute. Bitartean, «sexismoaren eta sexofobiaren» aurkako hainbat kolektibok Generanitz jardunaldiak antolatu dituzte, Opusen kongresua «atzerakoia» dela salatzeko. «Opus Dei salatzeko eta gure askapenerako bidea eraikitzen jarraitzeko elkartu gara».
«Orain arte ulertu ezin daitekeen emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunengatik emakumea esparru publikotik kanpo egon da. Gaur, pertsona guztien eskubideak ikertuko ditugu». Ana Pineda Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotziak eman zien hasiera Nafarroako Unibertsitateak antolatutako jardunaldiei. Ezagutzaren bidea hartuta, emakumeen garapena lortuko dela nabarmendu zuen. Atzerakoi etiketarik ez zuen onartu nahi izan: «Feminista naiz, eta harro nago». Feminismoak emakume guztiei laguntzen diela gaineratu zuen. «Ni neuregatik eta emakume guztiengatik borrokatzen naiz». Bihar arte egingo dituzte jardunaldiak Iruñeko campusaren Areto Nagusian. 200 pertsonak eman dute izena.
Angela Aparisi jardunaldietako antolatzaileak adierazi zuenez, genero ideologia diziplina asko aintzat hartzen dituen «gertakaria» da. «Sistema patriarkalaren injustiziak eraginak izan dituela ondoriozta dezakegu».
Marguerite Peeters Belgikako Kuluraniztasunerako Eztabaidak Sustatzeko Elkarteko ikertzailea da. Berak eman zuen inaugurazio hitzaldia. Peetersek azaldu zuenez, mundua eraldatzen ari da, eta eraldaketa hau «laikoa» da. Horrek ezinegona eta nahasketa sortzen ditu, eta errealitatea «den bezala» desegiten ari da. Ezinegon hori ikusita sortu da genero ideologia, Peetersen iritziz.
Ideologia horrek bi sorkuntza izan ditu, ikertzaileak azaldu zuenez; feminismo «erradikala» eta homosexualitatea. 1950eko hamarkadan hasitako iraultzaren ondoren sortu ziren, gizarteko oinarri guztiak apurtzeko xedearekin: «Feminismoak amatasunaren irudiarekin eta emakumearen bokazioekin apurtu zuen, eta homosexualitateak heteronormatibitateak diskriminatzen duela esaten du». Baina emakumeen eta gizonen bokazioak eta nahiak «naturalak eta jainkoak» emandakoak direla gaineratu zuen.
Genero ideologiaren definizioa osatu gabe dagoenez eta eduki falta duenez, «autosuntsitu» egingo da, ikertzailearen ustez. «Gaur egun jendeak horri buruz hitz egiten du, eta aniztasuna ospatzen du, baina ideologia hori ez da seriotasunez hartu behar, ez duelako seriotasunez hartzeko irizpiderik». Tendentzia berriek gizadiarekin amaituko dutela eta «jainkoaren plana» ezabatzen dutela uste Peetersek. Aukeratzeko askatasunaz ere hitz egin zuen ikertzaileak, eta hori «Jainkoaren nahien gainetik jarri nahi izatea» dela azaldu zuen.
Emakumearen eta gizonen gizarte berdintasuna gogoan, Maria Elosegi Zaragozako Unibertsitateko irakasleak hitz egin zuen. Emakumearentzat «bizitza publikoan leku gehiago» aldarrikatu zuen. «Emakumeak leku gehiago merezi du gizartean, eta gizonak etxean lan handiagoa hartu behar du». Elosegik Espainiako Berdintasun lege organikoa egiten lagundu du, eta «benetako» arazoei «benetako» konponbideak bilatu behar zaizkiela azaldu zuen. «Emakumeen aurkako injustiziak eta diskriminazioak aitortu behar dira».
Kontrajardunaldiak
Generaritza jardunaldiak antolatu dituzte sexismoaren eta «sexofobiaren» kontra lan egiten duten hainbat elkarte eta ekintzailek. Jardunaldi horiekin, Opus Deiren eta UPNren ideologia «atzerakoia» salatu nahi dute. Opusek antolatutako jardunaldiek, «ezagutzaren aitzakiarekin», sexu askatasuna «desagertzeko» nahia areagotzen dutela azaldu du Anchel Reyes Generanitz batzarreko kideak.
«Naturala dena ikerketen bidezbaieztatuko dute, eta gu antinaturalak garela esango dute». Nafarroako Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan, jendearen «nahasmenduak» sendatzeko tresnak bilatzeko ahalegina egingo dutela esan du Reyesek. «Robotak sortu nahi dituzte haiek, eta guk gure askatasun pertsonalaren alde lan egingo dugu».UPNk eta Opus Deik hartu duten diskurtso «progresista» mozorro bat dela esan du Reyesek. «Feminismoaren oinarriak hartu behar izan dituzte gaur egun gizartean jarraitzeko». Hala ere, 2.000 urte hauetan esan duten «berbera» esaten jarraituko dutela gaineratu du: «Jardunaldi hauek horren adibiderik garbiena dira».
Generaritza jardunaldiak hil osoan izango dira; hitzaldiak, zine foruma, liburuen aurkezpenak eta aniztasunaren ibilbidea egingo dituzte. Larunbatean manifestazioa egingo dute. «Elkarte eta ekintzaile asko gara, askotariko pentsaerak ditugu, eta gustu guztietarako ekintzak egin nahi izan ditugu», azaldu du Anchel Reyesek. Orain arte egindako ekintzetan izan duten parte-hartzearekin pozik daudela adierazi du. «Jardunaldien alde jende asko agertu da». Gizarte aske eta pluralen alde sortutako batzarrean 400 elkarte eta ekintzaile inguru bildu dira.
Nafarroako Unibertsitateko jardunaldiek antolatzaileek espero zutena baino oihartzun txikiagoa izan dutela esan du Generanitz batzarreko kideak. «Hasiera batean Miguel Sanz Nafarroako presidentea eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatea joatekoak ziren, baina azkenean ez dira agertu. Guretzako jardunaldien oihartzuna txikia izatea garaipena da». Kritiko dira. «Jardunaldi hauek Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren diru publikoarekin finantzatzea erokeria da», diote. «Gainera, 120 euro ordaindu behar ziren joateko. Hasiera batean, haien iritziak eta ikuspuntuak entzuteko joateko asmoa genuen, baina oso garestia iruditu zitzaigun».
Euskal Herriko mugimendu feministak ere adierazi du Opus Deiko unibertsitateak antolatutako jardunaldien bidez diskriminazioa eta ezberdintasuna «natural eta jatorrizko» bihurtu nahi dituztela. «Botere patriarkala, kapitalista, eurozentrista eta heteronormatiboa ordezkatzen ditu Opus Deik». UPNren eta Opus Deiren jarrera sexista eta sexofoboa kritikatu ditu, eta Generanitz jardunaldietan parte hartzeko deia egin du.
Generoa, jainkoaren mende
Genero ideologiaren definizioa eta helburuak aztertzeko biltzarra hasi dute Nafarroako Opus Deiko UnibertsitateanGeneranitz jardunaldiak abian dira, Opus Deiren ikuspegi «atzerakoia» salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu