Miñao auzia Arabako ustezko eroskeria eta espioitza politikoko kasuaren sumarioa altxatu eta gero hainbat komunikabide zabaltzen ari diren informazioekin haserre dago EAJ. Alderdiko hainbat kideren aurka «astakeriak» eta «gezurrak» argitaratzen ari direla salatu du Iñaki Gerenabarrena Araba Buru Batzarreko presidenteak. Haren esanetan, ez da egia EAJk inor espiatu duela: «EAJk ez du inor zelatatu, kontrolatu edo estortsionatu; ez zaio inori jazarri; ez du legez kanpoko dirurik kobratu, eta ez du ezer agindu». Tinko hitz egin du Gerenabarrenak EAJ ustezkoespioitzaren erantzule egiten dutenen aurka: «EAJk halako zerbait egiten duela dioena gezurretan ari da; gezurti handi bat da».
Ustezko espioitza politikoaren auzian bi ertzain eta Arabako EAJren buruzagi ohi Aitor Telleria daude inputatuta. Bi ertzaini EAJrentzat informazioa biltzen aritzea egotzi die epaileak, eta Telleriari informazio horiek biltzen dituen txostenak izatea. Correo egunkariak atzo zabaldu zuenez, Herrizaingo Saileko funtzionario ohi batek epailearen aurrean deklaratu zuen EAJko Euzkadi Buru Batzarrak kontrolatzen zuela Ertzaintzaren Terrorismoaren aurkako unitatea, eta, zehazki, Gorka Agirre buruzagi jeltzale ohiaren esku zegoela unitate horren kontrola. Hori «gezur hutsa» dela salatu du Gerenabarrenak, eta EAJ jomugan jartzea kritikatu du.Gasteizko epaitegia ikertzen ari den bi auzietan —ustezko ustelkeria eta espioitza kasuetan— ez direla ari EAJ ikertzen azpimarratu du ABBko buruak.
Inputatuen errugabetasun ustea defendatu du Gerenabarrenak, eta EAJ justiziarekin kolaboratzenari dela esan du. Edozein moduz, ohartarazi duinputatuen aurkako akusazioak frogatzen badira, pertsona horiek alderdia utzi beharko dutela.
San Juanen agerraldia
Miñao auzia ikertzen duen Eusko Legebiltzarreko batzordean izan zen atzo Iñaki San Juan EAJko Leioako zinegotzi ohi eta Errexal eta Ortzi Muga enpresen kudeatzailea. Hilaren 3rako deitua zuen ikerketa batzordeak San Juan,baina ez zen agertu. Atzorako jarri zion batzordeak bigarren hitzordua, eta ez zuen kale egin. Kultura sail ohiaren esku ustez legez kanpoko kontratuak jaso zituzten Errexal eta Ortzi Muga enpresen kudeatzailea da San Juan.
Hogei minutuko agerraldiaren ostean, San Juanek ohar bidez jakinarazi zuen deialdia garaiz iritsi ez zitzaiolako ez zela azaldu lehenengo hitzordura. Halaber, salatu zuen batzordeko agerraldien izenak zabalduta, intimitate eta irudi eskubideak urratu zizkiola batzordeko presidenteak. Horren ondorioz, azken asteotan «lintxamendu mediatiko» pairatu duela gaitzetsi zuen San Juanek. Urraketa horien berri Arartekoari eman diola jakinarazi zuen.
Juanjo Agirrezabala ikerketa batzordeko presidenteak erantzun dio batzordeak ez duela inoren eskubiderik urratu. «Hemen ez da eskubide bat bera ere urratzen. Hemen ez goaz inoren kontra; guk ez dugu epairik egiten». Jakinarazi duenez, batzordeak bi burofax igorri zizkion San Juani agerraldiaren hitzorduaren berri emateko, bata abenduaren 24an, eta bestea urtarrilaren 4an. Telefonoz ere deitu zioten EAJko zinegotzi ohiari, baina, ez zuenez erantzun, haren intimitate eskubidea babesteko neurririk ez zutela hartu azaldu du Agirrezabalak.
Gerenabarrena: «EAJk ez du inor zelatatu, eta ez zaio inori jazarri»
Iñaki San Juan EAJko zinegotzi ohiak salatu du 'Miñao auziko' batzordeak intimitate eskubidea urratu diola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu