Politika

German Rodriguezen omenezko ekitaldian ohartarazi dute ez dutela etsiko zigorgabetasuna amaitu arte

Kalejira egin dute, geldiadiekin, eta ekitaldi jendetsua egin dute Udaletxeko plazan. Gaur 40 urte dira Poliziak German Rodriguez tiroz hil zuela.

2018ko uztailaren 8a
10:52
Entzun

Inpunitateari Stop goiburuarekin abiatu dute kalejira, zezen plazatik. Hantxe hasi zen duela 40 urte German Rodriguezen hilketa ekarri zuen errepresio uholdea. Polizia armatua indarkeria handiz sartu zen tiroka zezen plazan.

Zezen plazatik Orreaga etorbidera joan dira gaur pankartaren atzean bildu direnak. Hantxe hil zuten Rodriguez, tiroka, eta hantxe dago haren omenez jarritako oroitarria ere. Haren aurrean lore eskaintza egin dute, eta Iker Tubiak urtero egiten duen aurreskua egin du.

Ekitaldi nagusia plazan egin dute. Udaletxeko plaza jendez gainezka dela, Rodriguezen familiakoek ez ezik, egun hura bizi izan zutenek, peñetako kideek eta beste hainbat lagunek ere hartu dute parte. Zigorgabetasuna salatu dute, eta ohartarazi ez dutela etsiko.

Germanen anaia Fermin Rodriguez izan da ohartarazpen hori egin duenetako bat. "Inor ez zuten auzipetu. Inor ez zuten epaitu", salatu du. "Baina ez gara geldituko zigorgabetasunaren horma bota arte".

Bide horretan, lagun izango dituzte peñetako kideak ere. Hala esan du ekitaldian hitza hartu duen ordezkari batek: “Memoria kolektiboan 1978ko gertaerak iltzatzea nahi dugu, justizia eskatzeko”. Ezinbesteko jotzen dituzte justizia eta erreparazioa. Eskaerarekin bat egin du mugimendu feministako kide batek ere.

Presen Zubilaga eta Amaia Kowash 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideek ere hartu dute hitza. Behin eta berriz esandakoa berretsi dute gaur ere: "Hilketa ez zen ustekabekoa izan, antolatua izan zen; Poliziak irratitik agindua eman zuen. Estatu erailketa izan zen”. Justiziaren berdintasun falta salatu dute, eta horren adibide jarri dituzte Altsasuko auzia eta 2016ko sanferminetako bortxatzaileek jasotako “zetazko tratua”. Baina ohartarazi dute ez dutela etsiko, lanean jarraituko dutela zigorgabetasuna amai dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.