sanferminak

German Rodriguezen senideek auzitara joko dute justizia eske

Rodriguezen omenezko ekitaldia egin dute Iruñean. Iragarri dute Argentinako epaitegietara eramango dutela gaia. Poliziak tiroz hil zuen, 1978an, Rodriguez, zezen plazan izandako liskarren ondoren. 

Omenaldia German Rodriguezi. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 8a
12:14
Entzun

Uztailaren 8ro bezala, German Rodriguez omendu dute gaur, Iruñean. Jende ugari batu da Orreaga etorbidera, oroitarria dagoen lekura. Dantzariek aurreskua dantzatu dute lehenik, eta lore eskaintza egin dute ondoren.  Fermin Rodriguez, Germanen anaia, omenaldian izan da —lehen aldia da senide batek parte hartzen duena—. Harekin batera, Rodriguez hil zuten egunean zauritu ziren hainbat lagun ere elkartu dira elkarretaratzean, baita Joseba Barandiaranen senitarteko bat ere. Barandiaran Rodriguezen hilketa salatzeko mobilizazio batean hil zuten.

"Zigorgabetasunaren aurrean", justizia eskatu dute omenaldian. Oraindik lortu ez badute ere, 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideek, German Rodriguezen anaiak, eta 1978ko uztailaren 8an zauritutako hainbat lagunek "itxaropena" dute, "herriari duintasuna itzuli eta arduradunak aulkian eseritzeko itxaropena". Asmo horrekin, Justiziaren aurrera eramango dute gaia; Argentinako epaitegietara joko dute, "egia eta justizia" eskatzeko.

36 urte justiziarik gabe

Taldeak adierazi duenez, 36 urte igaro dira justiziarik gabe, eta Espainiako Estatuak "isiltasun paktu bat inposatu du". Horrek "gatazka egoera berriak" eragin dituela iritzi diote, eta "oztopo" gisa ikusten dute "benetako demokraziarantz aurrera egiteko". "Soilik gertatu zenaren gaineko ezagutza osoarekin eta erantzukizunak norbere gain hartuta egin ahal izango da ekarpen eraikitzaile bat".

Biktimen senideak kritiko agertu dira erakundeen jarreraren aurrean. "Gaur hemen egon beharko lukete egindako kaltea aitortzeko eta guztiagatik barkamena eskatzeko". Haien iritziz, "beste alde batera" begiratzen dute.

1978ko sanferminak ziren, festetako hirugarren eguna, eta, zezen plazan izandako liskar handien ondoren, Orreaga etorbidean tiroz hil zuten Rodriguez. Liga Iraultzaile Komunistako kidea zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.