Irailak 25. Beste mugarri bat
Lizarra-Garaziko prozesua ez zen Gernikan abiatu, baina abertzaleen arteko batasunak Gernikan eman zuen lehen pausoa orduan ere: ELA sindikatuaren ekimenez egin zen, 1997ko urriaren 17an, EAEko Estatutuaren heriotza aldarrikatu zuen ekitaldia, baina ELAko buruekin batera LABeko, EAJko, HBko, EAko, Ezker Batuko eta beste zenbait erakundetako buruak ere han izan zirelako izan zen mugarria. Gaizki atera, bai, baina lezio batzuk ikasteko moduko bidea egin zuten.
Beste mugarri bat jarri dute orain hainbat eragilek Gernikan.Batasuna eta LAB tartean direla, jardun armatua behin betiko uzteko eskatu diote ETAri, ez negoziazio politiko baten trukean, baizik eta prozesu politikoa ahalbidetzeko bide gisa. Hitzez hitz, su-etena eskatu diote, baina jarraian, su-eten horrek «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle» behar duela. Mezua, beraz, argia eta zehatza da.
Ezker abertzale zabalaren baitako harremanen arloan ere mugarri izan daiteke Gernikakoa, Lizarra-Garaziren osteko barne zatiketa mingarriaren eta geroztikako ezinikusien ostean, Batasuna eta Aralar batera agertu baitira, beste hainbat eragilerekin batera, sakontasun handiko apustuan.
Oraingoz Gernikan agertu nahi izan ez duenik ere bada, baina: 1997ko argazkiari erreparatu besterik ez dago, hutsune batzuen nabarmenaz jabetzeko.
Irailak 26. Baldintzak
Gernikako ekitaldia aurkeztu baino lehen egindakoa da, noski, Gara-k biharamunean argitaratutako elkarrizketa, baina, hala ere, ETAko bi bozeramaileek Gernikan eskatutakoari zuzen-zuzenean erantzun diote, esaldi bakarrean erantzun ere:su-etena emateko eta «urrunago joateko ere» prestasuna dutela esan dute, baina «horretarako baldintzak sortzen badira». Alde handia dago oraindik, beraz, Batasunak, LABek, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak eskatutakoaren eta ETAk adierazitakoaren artean, Gernikakoen ustez jardun armatua uzteko baldintzen zain egon beharrik ez baitago, eta erakunde armatuaren ikuspegian, bai.
Denbora kontua besterik ez da akaso, baina denbora faktore garrantzitsua izan daiteke, datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan alderdi politiko berri eta legezkoarekin aurkeztu nahi duen mugimenduarentzat.
EAJren aukera
Iñigo Urkulluk iragarri zuenean EAJk Alderdi Egunean bakegintzaren arloko bere proposamena aurkeztuko zuela, alderdi barruko bi sektoreak proposamen horretan bat etortzen nahiko lan izango zutela pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Izan ere, ETAren erabakiaren ostean egin beharrekoari buruz oso gogoeta ezberdinak egin dituzte alderdiko buruzagi batzuek eta besteek: Gernikako ekitaldikoengandik hurbil Egibar-eta, baina PSOEren diskurtsoaren ildoan, berriz, alderdian gidaritza dutenak.
Ildo bat hitzartzeko zailtasunengatik izan edo beste arrazoien batzuengatik izan, azkenean Urkulluk ez du proposamen berririk aurkeztu, duela hilabete batzuk plazaratutako Ados egitasmoa berretsi baizik.
Ezer berririk ez, beraz, Alderdi Egunean, EAJko zuzendaritzak gai honetan Rodriguez Zapateroren gobernuarekin lerratuta jarraitzen duela egiaztatzeaz gain. Moncloa jauregian iturri zuzenak dituen egunkari baten arabera, eskumenei eta aurrekontuei buruz akordioa lortu ez ezik, bakegintzaren arloan bat eginda jokatzea hitzartu zuten Urkulluk eta Rodriguez Zapaterok, asteazkenean egindako bileran. PSOEri eta Zapaterori ematea komeni zaion mezua da, noski, EAJren adostasunarena, baina EBBko burua egiten ari den diskurtsoak ez du besterik adierazten.
Irailak 28. Egurra
Egin dezagun Espainiako Gobernuko Barne ministroaren azalean jartzeko ahalegina, zaila izan arren. Demagun Barne ministroak ez duela nahi ETAk jardun armatua uztea, eta badakitela ezker abertzalean eta ETAn barne desadostasunak daudela, denak ez daudela ados jardun armatua alboratzeko erabakiarekin. Egoera horretan, zer egin dezake Gobernuak jardun armatua alboratu nahi duen gehiengoari argudioak kentzeko eta gutxiengoari arrazoia emateko? Ez da Makiavelo izan beharrik: batetik, jardun politikorako bide guztiak itxi, eta bestetik, egurra. Ez zegoen bestela ulertzerik Ekin-eko kideak omen direnen aurkako operazioa, eta ez dago bestela ulertzerik Askapenako kideen aurkako operazioa ere.
Baina estrategia horrek bestelako ondoriorik ere eragin dezake. Manifestazio baten debekuari beste deialdi batekin erantzun zitzaion, eta bigarren debekuari hirugarren deialdi batekin. Estatuaren jarrera arduragabea eragiten ari den haserrearen tamaina Bilbok eman dezake gaur.
Gernika berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu