politika

Gernika "Euskadiko hiriburu" izateko ekimena abiatuko du bertako EAJk

Bizkaiko herriak "ituna, batasuna eta bizikidetzaren sinboloak ordezkatzen ditu", jeltzaleen ustez. Udaletxean ekimena aurkeztuko du eta ondoren Eusko Legebiltzarrari eskaera egingo liokete.

2010eko ekainaren 28a
19:03
Entzun
Gernika-Lumo Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburu izateko eskaera egingo du Bizkaiko herri hartako EAJk: Udalak idatzi bat onar dezala nahi du lehendabizi, eta ondoren Eusko Legebiltzarrera bidaliko lukete eskaera.

Herriko EAJren arabera, Gernika-Lumok "Euskadiko hiriburu" izateko baldintzak betetzen ditu, "ituna, batasuna eta bizikidetzaren sinboloak ordezkatzen dituelako. Hiru lurraldeen sentsibilitateak batzen ditu".

Gasteiz da EAEko hiriburua; 1980ko maiatzaren 23an izendatu zuen hala Eusko Legebiltzarrak. Luis Otuzar Gernika-Lumoko EAJko bozeramaile eta 2011ko bozetako alkategaiak adierazi du ez dutela polemikarik bilatzen. "Ulertzen dugu probintzietako hiriburuek euren espazioa behar dutela, eta guk errespetatzen dugu Legebiltzarren erabakia, baina Gernikak izan beharko luke hiriburu".

Legealdi honetan oposizioan dago EAJ Gernika-Lumon. EA dago alkatetzan, eta ezker abertzalearekin gobernu akordioa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.