Eusko Jaurlaritzak aurten Giza Eskubideen Rene Cassin saria Maria Oianguren Idigoras Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendariari eta Nazioarteko Bake Brigadei emango die, Lehendakaritzak gaur jakinarazi duenez. "Ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak edo gizataldeak jendaurrean aitortzea" da sariaren helburua.
Ostiral honetan izango da sari-emate ekitaldia Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan 19:30ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Saridun bakoitzak ohorezko aipamena, jendaurreko aitorpena eta 16.550 euro jasoko ditu.
Oianguren EHUn Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentziatua eta Gernika Gogoratuzeko zuzendaria da. Erakunde hori "bakearen aldeko ikerketa zentroa da", Jaurlaritzak dioenez, eta 1987an sortu zen Eusko Legebiltzarraren erabakiaren ondorioz, Gernika-Lumoko bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira. "Bakearen eta giza eskubideak garatzearen aldeko aktibista da Oianguren. Bakea aldarrikatzen du, Euskal Herrian eta munduan bizikidetza bultzatzeko oinarri gisa".
Nazioarteko Bake Brigadak erakundea Kanadan sortu zuten 1981ean, eta gobernuz kanpokoa da. "Bakea sortu, sendotu eta mantentzeko lana burutzeko helburuz sortu zuten, betiere indarkeriarik ezaren diziplinapean", dio Jaurlaritzak. "Mahatma Ghandik indarkeriarik gabeko eraldaketa sozialaren eremuan zituen pentsamendu eta esperientziak ditu oinarri, eta nazioarteko laguntza eta behaketa tresnatzat jotzen ditu giza eskubideen urraketak egiteko asmoa uxatzeko".
Epaimahaia
Rene Cassin sariko epaimahaia Idoia Mendiak (Jaurlaritzako bozeramaile, eta Justizia eta Herri Administrazioko sailburua), Maria Victoria Cintok (Jaurlaritzako Justizia sailburuordea), Ines Ibañez de Maeztuk (Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria), Joseba Arregik, Maria Concepcion Escobarrek, Jose Angel Cuerdak, Adela Asuak eta Edmundo Rodriguezek osatu dute.
Rene Cassin
Cassin Baionan jaio zen, 1887an. I. Mundu Gerrako esperientziak eragin nabarmena izan zuen harengan, eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile bihurtu zen. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eragile nagusietakoa izan zen 1948an. Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an, eta saria Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen.
gizartea
Gernika Gogoratuzeko zuzendariari eta Nazioarteko Bake Brigadei emango diete aurtengo Rene Cassin saria
Giza eskubideen alde egindako lana aitortu die Jaurlaritzak. Ekitaldia ostiralean izango da, Lehendakaritzaren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu