Euskaldunontzat, Pablo Picassoren Gernika koadroaren historia Frantziako hiriburuan, Parisen, hasten da, 1937 urtearen hondarretan. Nazioarteko Erakusketak ateak zarratu dituelarik, eta koadroaren etorkizunaz kezkatuta, Picasso ikustera hurreratu da Julio Jauregi senatari jeltzalea. Euskaldunentzat eskatu nahi dio koadroa.
—Agirre lehendakariak eskatzen badit, Gernika zuentzat da, euskaldunontzat.
Lehendakaritzaraino iraun dio pozak. Zaputza dator Agirreren hitzekin:
—Ez da nire gustukoa, niretzat ez du deus balio.
Agirre lehendakariak Arte Ederretarako zuzendari Jose Maria Uzelai margolari bermeotarra izendatu zuen. Picasso ez zuen parekoa. Espainiako Gobernuak horri enkargua egin aurretik, bere kasa saiatu zen murala lortzen, begiz jota zeukan artista egokia.
1937ko urte hasiera hartan, Aurelio Arteta Frantzian zegoen errefuxiatua, baina batetik bestera zebilen gerrak Madrilen harrapatu zuenetik, babes finkorik gabe, buruan ihes egitea beste pentsamendurik gabe, eta ezetza eman zion Jose Maria Uzelairi, ez zuela egingo Bigarren Errepublikako gobernuak nahi zuen murala, horretarako akaso egokiagoa zatekeela Picasso.
Ordurako Prado museoko ohorezko zuzendari izendatua zuten Picasso, hasia zen Errepublikaren alde ekiten, berez karguak ezertara behartzen ez bazuen ere; Parisen bizi zen, ez zeukan Espainiara aldatzeko batere asmorik; garbi ikusten zuen, ordea, artista ezaguna izanda, bere parte hartzeak jendea Errepublikaren alde jartzen lagunduko zuela.
Urteko lehen astean egin zioten murala pintatzeko eskaera Parisko bere etxera joanda. Tartean ziren gerora koadroaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan zuten bi idazle: Max Aub eta Juan Larrea bilbotarra. Biak ala biak Espainiako enbaxadako langileak ziren. Ez zalantzarik gabe, baina baiezkoa eman zuen Picassok, egingo zuela pareta osoa hartu zuen koadroa, eta segituan hasi zen lanean, Sueño y mentira de Franco (Francoren ametsa eta gezurra) grabatu satirikoetan.
Otsailaren amaieran jarri zuten Espainiaren pabiloia izan zenaren lehen harria, eta oraindik hasi gabea zen koadroa pintatzen. Nola, ba, ez zeukan enkarguan aipatu 11 x 4ko mihisea pintatzeko leku egokirik. Pabiloia jasotzen ari ziren langileek biltegi gisa erabiltzen zuten lokal bat inguratu zioten azkenean, Juan Larreak Espainiako gobernuaren izenean tratua eginda. Milioi bat franko kostatu zen Grands-Augustins kaleko 7. zenbakia zeukan eraikina.
Kasualitateetan sinesten ez duenarentzat, datu batzuk: Balzacek bere Maisulan ezezaguna liburuko artistaren estudioa eraikin horretantxe kokatu zuen, eta eraikin horretantxe biltzen ziren Contre-Attaque talde ezkertiarreko kideak, Georges Bataille idazlea buru zutela. Orain Picassoren maitalea zen Dora Maar, Bataillerena izan zen aurretik. Horra eraikin bat primerako atelier bihurtzeko kasualitate batzuk; eta hori gutxi balitz bezala, eraikinak atiko erraldoi bat zeukan, tamaina handiko lanak egiteko aproposa. Hantxe margotu zuen Picassok 7,80 metro luze eta 3,50 metro zabal den mihisea.
Amodio kontuek bizitza erabat hartuta, denbora aurrera zihoan, eta artistak ez zeukan ezer; apirilaren erdialdera hasi zen zirrimarraren bat egiten, baina ezer gutxi. Margolaria eta modeloa izeneko zirriborroa apirilaren 19koa da, eta, bertan, gerora Gernika koadroak izan zuen konposizioa sumatzen da. Astebete zeukan munduak Gernikako bonbardaketak dena betirako alda zezan aurretik.
Zer ezkutatzen du ikonoak?
Espainiak 1937an Parisen zeukan Luis Araquistain enbaxadoreak koadroaren trukean Picassori eman 150.000 frankoko txekearen ordainagiria gorde zuelako eskuratu zuen Gernika Espainiak. Eta artistaren testamentuak hala agintzen zuelako. Ez zen artistaren nahia bete, ez baitzen errepublikarik ezarri eta ez baitzen Pradora eraman, baina Espainiak bere ikono kuttunena berreskuratu zuen.
Arte historialariak ez dira bat etorri margolanean agertzen diren figuren esanahia finkatzerakoan, eta nahasmena izan da nagusi, besteak beste, artistak ez zuelako sekula ezer argitu. John Berger idazle eta arte kritikariaren ustez, "Picassok sufrimendua nola imajinatzen zuen agertzen du koadroak". Egia esan, ez dago Gernikako bonbardaketari erreferentzia zuzenik egiten dion ezer koadroan, izenburua besterik.
Felix de Azuaren ustez, 1939an Gernika MoMAn erakutsi izana eta, batez ere, Bigarren Mundu Gerra lehertu izana dira koadroaren ulermen unibertsalista eta humanista ahalbidetu dutenak. Koadroak edozer zeukan irudikatzea, baita nazien desmasiak ere. Urte gutxiren buruan, kritikariek "XX. mendeko maisulan" izendatu zuten, eta espresionista abstraktuek eredutzat hartu zuten koadroa.
Mihisean ageri diren figuren interpretazio sinplista gailendu zen, eta handik aurrerakoa ezaguna da. Museo Nazionala den Madrilgo Reina Sofiara eraman zutenetik, jendea erakartzeko balio du, eta bide batez espainolak euren historiarekin adiskidetzeko ere bai, zilegitasuna ematen dio demokraziari.
Baina oso bi gauza dira Gernikako bonbardaketa eta Picassoren Gernika . Eta hasiera batean Picassoren lanak eraso faxista salatu eta Gernikako infernuaren berri emateko balio izan bazuen ere, gaur egun erabat opakoa da koadroa, ez du uzten ezer ikusten, ez da entzuten bonben azpian hiltzen ari den herri baten oihurik batere.