politika

Gernika-Lumoko alkateak Ertzaintzak "gehiegikeriaz" jokatu zuela salatu du

Atzo herriko jaietan eginiko euskal presoen aldeko kalejiran lau manifestari atxilotu zituzten eta hogei lagun zauritu ziren. Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren jarrera defendatu du.

2009ko abuztuaren 17a
21:42
Entzun
Gernika-Lumon (Bizkaia) euskal presoen aldeko martxa egitekoak ziren atzo baina, egun batzuk lehenago Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu zuen. Horregatik manifestazioa egin ordez, presoen aldeko kalejira egin zuten. Bertan, istilu handiak sortu ziren. Ertzainak gehiegikeriaz jokatu zuela salatu du Jose Mari Gorroño herriko alkateak. "Adin guztietako jendez beteta zegoen kalean sartu ziren eta golpeka hasi" zirela gaitzetsi du alkateak. Gorroñok, hala ere, "jaiak normal igarotzeko, arduratsuak izateko deia" egin ziela herritarrei eta batzuek ez ziotela "jaramonik egin" gogoratu du.

Atzo herrian bizitako egoeraren balorazioa egiteko komunikabideen aurrean agertu da Gorroño arratsaldean eta Ertzaintzaren jokaerak "alarma piztu zuela" eta "herritar baketsuak arriskuan" jarri zituztela adierazi du. Etzi Bozeramaileen Batzordea egiteko deia ere egin du.

Presoen aldeko kalejiran lau manifestari atxilotu zituzten. Horrez gain, istiluetan hogei lagun inguru eta bederatzi ertzain zauritu ziren. Atxilotuei "terrorismoa goratzea", "epailearen agindua haustea" eta "desordena publikoa" egotzi diote, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Atxilotu horiek aske utzi dituzte gaur, baina epaileak deitu zain daude.

Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren jarrera defendatu du

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, bestalde, Ertzaintzaren jarrera defendatu eta "legea bete" zutela nabarmendu du. Ertzaintzak adierazi du, "istilu ugari" izan zirela Gernika-Lumon eta "botilak jaurtitzeaz gain, zaborrontziak ere erre" zituztela manifestariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.