gizartea

Gernika-Lumoko juntetxeko Espainiako bandera erre dute

'Gurea Ikurrina' ere idatzi dute Batzar Etxearen atarian. Ezezagun talde batek bere gain hartu du ekintza hori, Espainiako bandera "ikur arrotza" dela salatuz.

2009ko uztailaren 9a
18:06
Entzun
Ezezagun batzuek Gernikako-Lumoko (Bizkaia) Batzar Etxearen barruko Espainiako bandera erre dute. Gertaera atzo gauean edo gaur goizean gertatu dela jakinarazi du Ertzaintzak. Ezezagunek makilatik bandera kendu eta su eman diote. Horrez gain, juntetxearen atarian 'Gurea Ikurrina' idatzi dute. Ertzainak goizeko hamarretan ohartu dira Espainiako bandera erreta zegoela, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitza zabaltzera joan direnean.

Ezezagun talde batek bere gain hartu du ekintza. Horiek, Espainiako bandera "ikur arrotza" dela salatu dute eta Hego Euskal Herriko erakunde ofizialetan bandera jartzeko agintzen duen legea kritikatu dute.

Izan ere, orain dela hilabete batzuk Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko egoitza ofizial guztietan Espainiako bandera jartzera derrigortzen zuen epaia eman zuen. Apirilean Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) Batzar Etxean jarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.