Bakearen eta adiskidetzearen aldeko VIII. Gernika sarien banaketa egin dute Gernikako Lizeo antzokian, 12:00etatik aurrera. Aurtengo sarituak Roman Herzog jauna (Alemaniako presidentea 1994-1999), Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea, eta Gernika Gogoratuz ikerketa zentroa izan dira, bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lanagatik.
Askotariko eragileak bildu dira ekitaldira, tartean kultur mundukoak, politikariak eta nazioartekoak. Lehenik Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak hartu du hitza, baketzerako lana egitea beharrezkoa dela nabarmenduz.
Lanerako deia egin du. Horretarako, guztien beharra dagoela nabarmendu, eta bazterketak alboratzeko premiaz ohartarazi du. "Guzti-guztien parte hartzearekin soilik lortuko da baketzea eta adiskidetzea, inolako bazterketarik gabe", esan du.
Alemaniak Espainian duen enbaxadoreak jaso du ondoren saria. Bera izan da Paul Rios Lokarriko koordinatzailearen alboan lehen lerroan eserita egon dena ere, Romen Herzog Alemaniako presidente ohiak ezin izan duela Gernikara etorri azaldu, eta haren ordezkari gisa eskertu du saria enbaxadoreak.
Paul Riosek Lokarriri emandako saria jaso du. Aieteko Konferentzia iragan bat eta etorkizun bat bereizteko mugarria izan zela azaldu dute antolatzaileek. Riosek adiskidetzearen alde jarduteko eskatu die herritar guztiei.
Gernika Gogoratuz ikerketa zentroko lan taldeak etorkizuna lantzeko iraganari begiratzeko deia egin du saria jasotzean.
Nagasaki eta Gernika, elkarlanean
Nagasaki eta Gernikako erasoetatik bizirik atera ziren elkarteen ordezkariak elkarlanerako akordioa sinatu dute ondoren. Munduko bakearen alde elkarlanean aritzea adostu dute. Munduan egon daitezkeen gudak saihesteko ahal dituzten neurriak hartzea eta bonba atomikoak desagerrarazteko lana egitea, besteak beste.
Ekitaldiaren amaieran, Nagasakiko eta Euskal Herriko musikariek emanaldia eskaini dute.