Gernikako Akordioaren sinatzaileek ituna gizarteratzeko ekimenekin segitzen dute, eta gaur Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan izan dira Xanti Kiroga ezker abertzaleko kidea eta Maiorga Ramirez EAko Nafarroako burua.
Bakearen eta konponbide demokratikoaren alde euren konpromisoa berretsi dute, eta bakearen eta normalizazioaren alde Nafarroak ere parte hartu behar duela aldarrikatu.
Kirogak adierazi du garrantzitsua dela hitzetatik ekintzetara pasatzea. Ramirezek euskal eragileen artean "talde bezala" jokatzeko beharraz hitz egin du, "desberdintasun ideologikoez gaindi".
Irailaren 25ean aurkeztu zuten akordioa Euskal Herriko hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte erakundek. Ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba dira Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu duten indar politikoak eta, haiez gain, LAB, ESK, EILAS, ELB, EHNE eta Hiru sindikatuek edota AEK-k, Bilgune Feministak eta Herria 2000 Elizak ere sinatu dute.
ETAri "jarduera armatua behin betiko uzteko borondatea" eskatua diote, eta horren erakusle gisa, "nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzeko".
Espainiako Estatuari, berriz, eskubide politiko eta zibil guztien aitortza eskatu diote, eta hori gauzatzeko Alderdien Legea bertan behera uzteko exijitu. Halaber, gatazkarekin zerikusia duten presoen aurkako espetxe politika baztertzeko eta preso horientzako amnistia gauza dadin bidea hasteko.
poliTIKA
Gernikako Akordioa gizarteratzen
Xanti Kiroga ezker abertzaleko kidea eta Maiorga Ramirez EAko buruzagia Nafarroako Unibertsitate Publikoan izan dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu