Gernikako Akordioa sinatu zutenek salatu dutenez, Espainiako Espetxezaintza Erakundeak ez die uzten euskal preso kolektiboarekin (EPPK) biltzen. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Maider Carrera Gazte Abertzaleak-eko idazkariak azaldu dutenez, presoek ere gatazka konpontzeko prozesuan parte hartu behar dute.
EPPKak berak egin zuen Gernikako Akordioko sinatzaileekin biltzeko eskaera otsailean eta martxoan, baina Espetxe Erakundeak muzin egin diola saltu dute Gernikako Akordioko sinatzaileek. Horiek, hala ere, harreman hori "oztopo guztien gainetik" egiteko asmoa iragarri dute.
Gainera, Gernikako Akordioa presoen kolektiboa ahultzeko ez erabiltzeko eskatu diote Espetxe Erakunderi. Salatu dutenez, Espetxe Erakundea Gernikako Akordioa erabiltzen ari da presoen kolektiboaren barruan zatiketa eragiteko. Asmo hori Akordioaren izatearen kontrakoa dela azpimarratu dute.
Orain arteko espetxe politika aldatu eta amnistiaren bidean lehen pauso gisa neurriak hartzen hasteko eskatu dute, "exigentziarik, baldintzarik eta trukean ezer eskatu gabe". Besteak beste, sakabanaketarekin amaitzea, gaixo dauden presoak aske uztea, bizi arteko espetxe zigorra bertan behera uztea eta legeak agintzen duen kasuetan baldintzapeko askatasuna ematea eskatu dute.