konponbideari begira

Gernikako Akordioak "ez du etsiko, Espainiako Estatuak borondaterik agertu ez arren"

Akordioaren izenpetzearen bigarren urteurreneko ekitaldia egin dute Gernika-Lumon. Bi urte hauetan hainbat gauza lortu direla gogoratu dute, baina erdietsi gabekoak ere izan direla badiote.

2012ko irailaren 29a
16:12
Entzun

Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial askok 2010eko irailaren 25ean sinatu zuten Gernikako Akordioa, "normalizazio sozial eta politikorako zorua jorratzeko", eta sinatzaileek uste dute bi urte hauetan hainbat gauza erdietsi direla. Halaber, iritzi diote beste hainbat gauza lortzeke daudela, baina gaur Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan egindako ekitaldian adierazi dute ez dutela "etsiko", "Espainiako Estatuaren borondaterik eza argi eta garbi agertu arren".

"Konponbide integrala, giza eskubideetan oinarritua, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketa politikoaren bitartez lortu beharrekoa" da helburua, Gernikako Akordioaren arabera, eta bi urte hauetan, besteak beste, 2011ko ETAren su-eten iraunkorra, EPPKren atxikimendua akordioari, biktima guztiei eginiko aitortza, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia eta ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia gertatu dira.

Baina, akordioaren izenpetzaileek gogoratu dutenez, bi urte hauetan atxiloketak, epaiketa politikoak, espetxeratzeak, kartzela politika bera, "salbuespeneko legediari" eutsi izana, jarduera politikoekiko mehatxuak, "bizi arteko" zigorra, Bateragune auziaren epai "ulergaitza"... ere izan dira.

"Pertsona guztien eskubideak aitortuak eta errespetatuak izango diren jendartea eraiki arte tinko jarraituko dugu lanean", esan dute Gernika-Lumon akordioaren sinatzaileek gaur. "Aukera historiko hau ez dugu galtzen utziko, gure alde gatazka konpontzeko ibilbide orria, bidelagun ugari eta euskal herritar gehiengoaren bultzada eta mandatua dauzkagulako. Gu geu, euskal herritarrok, garelako giltza, aldebakarrekotasunaren bidetik, elkarrizketaren eskutik eta konfrontazio demokratikoa praktikan jarriz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.