Konponbide garaia da, preso gaixoak kalera lelopean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratze nazionala egin dute Bilboko Euskadiko plazan, 12:00etan. Sinatzaileen izenean hitz egin dute Sonia Gonzalez LABeko ordeazkariak eta Josu Murgia Aralarreko kideak. Hamahiru preso gaixoen kasuan "eskubide urraketa nabarmenak" izan direla esan dute eta, guztien askatasuna galdegin dute, "beranduegi" izan aurretik.
Gogoan izan dituzte, halaber, etxetik ehunka kilometrora dauden presoak, eta sakabanaketa politika bertan behera utz dezatela eskatu dute. Espainiako Gobernuaren jarrera gogor salatu dute: "Konponbide garaia da. Preso gaixoak kaleratzeko garaia da. Krudelkeria eta mendekua agenda politikotik baztertu beharra dago. Euskal gizarteak ez du nahi heriotza gehiagorik, ez du nahi sufrimendu gehiagorik. Euskal Herriak bakea nahi du, konponbidea nahi du, demokrazia nahi du".
Elkarretaratzean izan dira Donostiako Ospitale aurrean gose greban dauden lagunak ere. Esan dute ez diotela protestari amaierarik emango Uribetxebarria aske utzi arte. Gainera, orain bitarteko presio sozialarekin jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute.
Ertzaintzaren helikopteroa zeruan eta furgonetak alboko kalean, gertutik zaindu dute elkarretaratzea. Izan ere, terrorismoaren biktimen elkarteak mobilizazioa debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari goizean. Pedraz epaileak urgentziazko txostena eskatu du elkarretaratzean helburuak aztertzeko. Hain zuzen, Pedraz epaileak debekatu egin zuen atzo Herrira-k gaurko Bilbon antolatua zuen manifestazioa.
Lehen pausoa: hirugarren gradua
Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteari ateak ireki dizkio Espainiako Gobernuak, atzo arratsaldean Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Arrasateko presoari hirugarren gradua emateko erabakia hartuta. Oraingoz, ordea, preso jarraitzen du Uribetxeberriak, Donostiako Ospitalean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapean aske utzi ala ez erabaki bitartean.
Preso arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin eta egoera larrian dago, atzera bueltarik gabe. Hura askatzeari buruzko erabakia behin eta berriz atzeratzen den bitartean, hamaikagarren egun du gaur gose greban.
Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa da. Orain, Espetxeetako Zuzendaritzak baldintzapean aske uzteko proposamena onartu behar du. Azken hitza, Espetxe zaintzako epaileak izango du, eta erabakia astelehenera arte atzeratu daiteke.
Santiago Pedraz epailea zaintzaldian dago Auzitegi Nazionalean igandera arte, eta hark ordezkatzen du espetxe zaintzako epailea. Horregatik, Ainhoa Baglietto Uribetxebarriaren abokatuak Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko prozesua "arintzeko" eskatu dio Pedraz epaileari. Abokatuaren esanetan, ez dago zergatik astelehenera arte itxaron behar azkeneko erabakia ezagutzeko. "Pedrazek galdegin zion Espetxe Zuzendaritzari hirugarren graduaren aukera aztertzea, eta, beraz, Pedrazek argitu behar du auzia" azaldu du defentsak. "Argi dago gauzak askoz arinago egin zitezkeela" esan du Bagliettok.
Txosten gehiago
Bitartean Uribetxebarria auzitegiko mediku batek ikus dezan agindu du Pedraz epaileak, preso gaixoaren osasun egoeraren inguruko txostena osatzeko. Gainera, Uribetxebarriaren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez jakin nahi du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Halaber, beste txosten bat eskatu dio Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren inguruan.