Gernikako Akordioak biltzen dituen eragile politiko, sindikal eta sozialek bilera eskatuko diete Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernukoari.
"Gernikako Akordioak azken urteko dinamika politiko eta sozial handiaren bitartez sortzen lagundu duen egoera politiko berrira oso berandu badator ere, ongi-etorria eman nahi dio Lopez lehendakariari. Egoera berriak behartuta bada ere, gatazka politikoa bakarrik guztiok urratsak eginez konpontzea baitago", esan dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek gaur, prentsa ohar batean.
Jaurlaritzako lehendakariari adierazi diote "gatazka politikoa konpontzeko benetako ibilbide orria Gernikako Akordioan" topatuko duela.
Lopezek atzo "presoen hurbiltze progresiboa" proposatu zuen, eta "legea betetzen duten alderdi guztien legezko aitortza" eskatu zuen.