Osasun larrialdia

Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldia debekatu du Eusko Jaurlaritzak

Harridura adierazi du udalak, «osasun agintariek iragarritako prebentzio gomendio guztiak zorrotz» beteta antolatu dutelako lore eskaintza

Lore eskaintza Gernika-Lumoko hilerrian, 2015. urtean. RAUL BOGAJO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 24a
15:41
Entzun

Igandean beteko dira 83 urte faxistek Gernika bonbardatu eta erabat suntsitu zutela. Urteurrena gogoratzeko, ekitaldi txiki bat antolatua zuen Gernika-Lumoko Udalak. Bonbardaketan hildakoen omenez, hilerriko mausoleoan lore eskaintza egin asmo zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin die ekitaldia egitea.

«Erabaki horrek ezustean hartu du Udalbatza, osasun agintariek iragarritako prebentzio gomendio guztiak zorrotz betetzeko antolatuta» zegoelako, erakundeak ohar batean adierazi duenez.

Izan ere, ekitaldia minimalista zen: lau pertsonak besterik ez zuen partu hartu behar. Batek bonbardaketan suntsitu zuten San Joan elizako kanpaia jotzeko ardura zeukan; besteak dantzaria, txistularia eta lore koroa uztekoa zena ziren.

Udalak gogoratu duenez, Espainiako Gobernuak ezarritako larrialdi dekretuak zehazten du gehienez bost pertsona elkartu ahal direla hilerri eta beilatokietan.

Ordezko egitaraua zen

Gernikako bonbardaketaren 83. urteurrena ospatzeko udalak antolatua zuen ekitaldi sorta bertan behera utzi zuten, eta, horiek ordezkatzeko, ekitaldi txiki bat prestatu zuten iganderako, ikuslerik gabe, eta «erakundeetako ordezkari talde txiki batekin» .

Bonbardaketa egin zutenean hiriko alkate zena –Jose de Labauria– omendu asmo zuten hasierako egitarauan, eta baita erasoaren berri eman zuen George Steer kazetaria ere. Jose Mari Gorroño alkateak ere parte hartu behar zuen arratsaldeko ekitaldian. Joan zen ostiralean itzuli zen Gorroño bere etxera, 21 egunez erietxean pasatu ondoren, koronabirusak gaixotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.