EAJk Gernikako Estatutua betetzearen aldeko ekitaldia egin du gaur Gernika-Lumon (Bizkaia), eta Iñigo Urkullu alderdiko presidentearen ustez, "Gernikako Estatutua ez da bete idatzi, bultzatu eta onartu zutenak beldurtzen dituelako". Gaineratu dute, bihar Eusko Jaurlaritza Ajuria Enean ospatzekoa den Estatutuaren 30. urteurrena "[ituna] ez betetzearen jaia" izango dela.
Urkulluren arabera, Estatutuak euskaldunen arteko elkarketaren gune izan behar du soilik, "betiere haren mezua, espiritua eta ahalmena errespetatzen badira". Ituna betetzearen eta osorik errespetazearen alde lanean jarraituko dutela nabarmendu du EAJko presidenteak eta aldaketa bakar bat ere ez dutela onartuko.
Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardantza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek ere parte hartu dute EAJren gaurko ekimenean. Ardantza Jaurlaritzako lehendakari zela ere egiten zuen Estatutuaren urteurrenean ospakizunik, baina Urkulluk dio orduan "aldarrikapenarekin uztartzen" zela "ekitaldi instituzionala".
Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ehun herritarrekin ospatuko du bihar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunaren 30. urteurrena, Ajuria Enean. Herritarrez gain, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira han. Jaurlaritzak jakinarazia duenez, Lopezek Estatutua goretsiko du, eta berak ere dena betetzeko eskatuko du. EAJk ez ezik, EAk eta Aralarrek ere iragarri dute ez direla igandeko ekitaldian izango.
politika
"Gernikako Estatutua ez da bete idatzi, bultzatu eta onartu zutenak beldurtzen dituelako", EAJren ustez
Bihar Eusko Jaurlaritza Ajuria Enean ospatzekoa den Estatutuaren 30. urteurrena "[ituna] ez betetzearen jaia" izango dela adierazi du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu