Gizartea

Gernikako haur eskolako ume bat hil da, meningitisak jota

Ahizpa bikia Gurutzetako ospitalean dago, baina onera egiten ari dela esan dun Osasun Sailak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi du protokoloa martxan dagoela. Bilera bat egingo dute, eskolan umeak dauzkaten gurasoei informazioa emateko.

2011ko abenduaren 22a
16:03
Entzun

Gernikako (Bizkaia) haur eskolako ikasle bat hil da meningitisak jota, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berri eman duenez.  Hildakoaren ahizpa bikia Gurutzetako ospitalean dago, eta Osasun saileko prentsa zerbitzutik adierazi dutenez, umea onera egiten ari da.

Atzo iluntzean eroan zituzten bi umeak osasun etxeko larrialdi zerbitzuetara, eta han bertan zendu zen bietako bat. 

Haurreskolak sarean dago eskola. Azterketa bakteriologikoen emaitzak izanda, meningitis kasuetarako zehaztuta dagoen protokoloa ipini dute martxan umeekin harreman estuagoa izan dutenekin eta Gernika-Barrutia Haurreskolan. 

Hezkuntza Sailak jakinarazi du horrelako kasuetarako protokoloa martxan jarri dutela. Osasun Saila ari da kasua aztertzen. Eskola horretan umeak dauzkaten gurasoei informazioa helaraziko dietela jakinarazi du Jaurlaritzak. Iragarri du bilera bat egingo dutela gurasoekin. Hezkuntza Saileko eta Osasun Saileko ordezkariak izango dira han.

 

 

Gernika-Barrutian eskolatutako haurraren heriotza “atsekabe handiz” sentitzen duela adierazi du Haurreskolak-Partzuergoak, ohar bidez; eta doluminak emon dizkio haren  familiari. Era berean, eskolako familiak informatuta mantentzeko helburuagaz, Gernika-Barrutiako haurreskolan bilera egingo dute, non Haurreskolak-Partzuergoko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko ordezkariek be parte hartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.