Memoria historikoa

Gernikako hilerrian lurperatutako 82 gudari omendu dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du ekitaldia, baina Bizkaiko diputazioak eta Gernikako Udalak ere parte hartu dute; lurperatutako gehienak gipuzkoarrak ziren.

Eguerdian egin dute ekitaldia, Gernikako hilerrian bertan. ARGAZKI PRESS
Samara Velte.
2017ko ekainaren 17a
10:50
Entzun

Gernikako kanposantuan, hobi komun batean ehortzitako 82 gudari omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eguerdian. Gipuzkoatik Gernikara ekitaldian, "80 urtez ahaztutako gertakaria" gogora ekarri nahi izan dute, eta 1936ko gerran borrokan hildako 82 pertsona horiei izen-abizenak jarri. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maribel Vaquero Elkarbizitzarako eta Giza Eskubideetarako foru diputatuak zabaldu dute ekitaldia; bertan izan dira, halaber, Unai Remeneria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea. Gudarien eta senideen identifikazio lanerako, Erkibe eta Gernikazarra elkarteen laguntza izan dute.

Ekitaldian, 82en izen-abizenak jasotzen dituen monolitoa inauguratu dute. Olanok azaldu duenez, EAJren Amaiur, Loiola, Intxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren gudariak, gehienak (72) gipuzkoarrak. Legutioko frontean (Araba), Arecesko batailan (Asturias, Espainia) edota Bizkaiko mendietan hil ziren; alderdiak Gernikan lurperatu zituen, ordurako frankistek hartua baitzuten Gipuzkoa.

Foru aldundiko ordezkariek nabarmendu dutenez, "lan handia" egin dute haien ondorengoak topatu eta gonbidatzeko; haietako askok "ezusteko handia" hartu dute euren arbasoak non zeuden jakitean. Gernikako hilerrian bertan, beste 270 gudariren gorpuak daude beste hobi komun batean.

Bilbo erori zeneko urteurrena

Bestalde, egunotan 80 urte bete dira Bilboko batailatik. 1937ko ekainaren 17an gertatu ziren borroka latzenak, eta 19rako frankisten esku zegoen. Urteurrenaren harira, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldeko 18:00etan Bilbon, Frankismoko Krimenen aurkako Kereilak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.