Politika

Gernikako Udalak ultraeskuindarren ekitaldia debekatzeko eskatuko dio Herrizaingo Sailari

Falange Española de las JONSek iragarri duenez, ekitaldia egin gura du domekan Foru plazan, 13:00etan.

2008ko otsailaren 28a
12:26
Entzun
Falange Española de las JONS talde ultraeskuindarrak domeka honetan Gernika-Lumon (Bizkaia) ekitaldia egingo duela iragarri ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailean ekitaldia debekatzeko eskaria egitea erabaki zuen udalbatzak atzo iluntzean egindako osoko bilkuran, www.busturialdekohitza.info-k gaur dioenez.

Ezker Abertzalea udal taldeak lau puntuko mozioa aurkeztu zuen, eta puntu horiek banan-banan bozkatzea erabaki zuten ordezkari politikoek. Batzuk onartu egin zituzten eta beste batzuk ez.

"Herri honetan ez dira ongietorriak faxistak, are gutxiago Gernika bonbardatzeko agindua eman zutenen ondorengoak", zioen lehenengo puntuak, eta udalbatzak aho batez onartu zuen. Bestetik, "igande honetan herritarren ongi izatea eta udal eraikinen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak" hartu behar direla ere bazioen udalbatzak.



Jose Mari Gorroño alkateak (EA) Espainiako Gobernuko Barne ministroari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari ekitaldia debekatzeko eskaria egiteko proposamena egin zuen. PSE-EEk, EAJk, Aralarrek eta EAk aldeko bozka eman zuten, eta Ezker Abertzalea udal taldeko zinegotziak abstenitu egin ziren.

Falange Española de las JONS martxoaren 9ko Espainiako hauteskundeetara aurkeztuko da eta, bere webgunean iragarri duenez, ekitaldia egin gura du domekan Gernika-Lumon, Foru plazan, 13:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.