Atzoko igoeraren ondotik, berriz ere pixka bat apaldu dira azken 24 orduetan atzemandako koronabirus kasu berriak. Beste 876 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 99 gutxiago. Goia jo zuten atzo Nafarroan atzemandako kasuek, eta, azken 24 orduetan apaldu badira ere, 300 kasutik gora atzeman dituzte bigarren egunez jarraian: 302. Bezperan baino 38 kasu gutxiago dira. Gipuzkoan bakarrik igo dira positiboak: 185 kasu atzeman dituzte, 11 gehiago. Araban, 70 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 27 gutxiago. Bizkaian, berriz, 308, 34 gutxiago. Nafarroan, 86 urteko gizonezko bat zendu da koronabirusa dela eta.
Positiboak ez ezik, nabarmen jaitsi da azken 24 orduetan ospitaleratutakoen kopurua ere. 56 pertsona sartu dituzte ospitalean; bezperan 73 ziren. Alta, oraindik ere handitzen ari da ospitalean daudenen kopurua. Egun, koronabirusa duten 370 eri daude ospitalean, eta ZIUetan sartu dituzten gaixoen kopurua ere gora doa etenik gabe. 65 pertsona daude egun zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bi gehiago.
Antzeko mantendu dira egindako test kopuruak: 61 gutxiago egin dituzte azken orduetan; 11.476 PCR denera.