Gero eta paziente gehiago daude ZIUetan

Otsailaren 23tik COVID-19aren ondorioz ZIUetan egon den paziente kopururik handiena erregistratu dute: 158 lagun. Beste 967 positibo atzeman dituzte Hegoaldean.

Lazkaoko (Gipuzkoa) baheketako irudi bat, martxoaren amaierakoa. JON URBE / FOKU
2021eko apirilaren 11
15:39
Entzun

Geroz eta kezkagarriagoa da pandemiaren bilakaera. Positiboen datuek egunak daramatzate okerrera egiten, eta, gaurkoak asteburuko datuak diren arren, ia 1.000 positiboren langara iritsi dira Hego Euskal Herrian. Denera, COVID-19a atzemateko 11.291 proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta haietako 967k eman zuten positibo. Beraz, positiboen tasa %8,6 da.

Positiboen kopuruaz gain, ordea, kezkagarria da ZIU zaintza intentsiboetako unitateetako egoera ere. Haietan 158 paziente zeuden atzo; otsailaren 23tik Hegoaldean erregistratu den kopururik handiena da. Horrez gain, 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo koronabirusaren ondorioz, eta gela arruntetan ospitaleratuta daude 500 lagun baino gehiago.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien, 368; 288 izan ziren Gipuzkoan, 206 Nafarroan, eta 98 Araban. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren zazpi lagunek ere positibo eman dutela jakinarazi du Osakidetzak. 

Neurriak

Datuen bilakaera ikusita, Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak ohartarazi zuen datorren egunetan goranzko joera aldatzen ez bada egun indarrean dauden neurriak «egokitu» beharko direla. Aurretik, baina, esan zuen uste duela joera hori astebete barru etengo dela. «Espero dugu hurrengo egunetan goia jotzea goranzko joerak».

Bestalde, Jaurlaritzak bihar berrituko du eremu gorrian dauden tokien zerrenda, eta orduan jakingo da zer udalerri eta lurraldetan ezarriko den itxiera perimetrala. Azken datuen arabera, Gipuzkoak eta Arabak gainditu egiten dute 400dik gorako intzidentzia tasa; Araban, mugak ezarrita daude dagoeneko. Biharamunean sartuko dira indarrean muga berriak, asteartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.