BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpaina gero eta babes gehiago ari da jasotzen. Esaterako, dagoeneko 1.645 lagunek erabaki dute euskarazko hedabide taldea diruz laguntzea.
Atxikimenduei dagokienez, martxoan egunero bertsolarien ale bat argitaratzen ari da BERRIA. Datozen asteetan argazkilarien eta musikarien babesaren berri emango du. Kirolarien artean ere ziztada eta atxikimendu ugari lortu du (Naroa Agirre, Mikel Odriozola, Oihana Kortazar, Iñaki Perurena, Alberto Iñurrategi, David Zurutuza, Aritz Aduriz, Igor Anton, Mikel Astarloza, Patri Pinedo...).
Herriz herriko lana ere ari da fruituak ematen, sarea osatzen ari baita BERRIA Taldea. Datozen egunetan, adibidez, bilera irekiak egingo dituzte Urretxu-Zumarragan (asteartean), Azkoitian (asteartean), Hernanin (asteazkena) eta Irunen (osteguna).
Gaur zortzirako Euskal Herrian Euskaraz-ek Donostian antolatu duen Euskaraz Bizi egunean kanpainako kideak mahai batekin egongo dira, materiala eta informazioa banatzen.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko"
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.