Geroa Baik eta Bilduk Euskalerria Irratiari lizentzia emateko presio egin dutela salatu du UPNk

2013ko urtarrilaren 29a
20:17
Entzun

Lizentziak emateko prozedura "zorroztasunez" bete dela adierazi du UPNk, eta Bilduk eta Geroa Baik jarrera "lotsagarria" izan dutela salatu du. Euskalerria Irratiari irrati lizentzia emateko presioa egiten aritzea leporatu di bi alderdi horiei. Nafarroako Gobernuari zorionak eman dizkio UPNk, lan "zorrotz, garden, profesional eta objetiboa" egin duela erantsiz.

Hain justu gaur arratsean alderdi horiek kritikatu egin dute Nafarroako Gobernua, Euskalerria Irratiari berriro ere irrati lizentzia ukatu diolako. Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren barruko konpromisoak ez betetzea egotzi dio Geroa Baik gobernuari. "Modu alegalean emititzen 24 urte daramatzan eta Iruñerrian programazio osoa euskaraz duen irrati bakarra" zigortu egin du gobernuak, Geroa Bairen ustez. "Egoera injustu" bat konpontzeko aukera zuen gobernuak, bere esanetan, baina ez du aukera baliatu.

Bilduk, berriz, "nafarren hizkuntza" desagerrarazi nahian ari dela leporatu dio UPNri, eta "Europatik euskarazko hedabideak bultzatzeko egindako deiari entzungor" egin diola erantsi. Nafarroako Gobernuak ez du aintzat hartu herrialdeko "aniztasun politikoa, soziala eta kulturala", irrati lizentziak banatzeko orduan.

ELA sindikatuak ere gogor salatu du Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uztea. "Erabaki politikoa da eta baztertu egiten ditu irizpide objektiboak".

Euskalerria Irratia: "Aurrera segituko dugu, zuen baimenarekin"

Nafarroako Gobernuak lizentzia ukatu arren, aurrera jarraituko duela azaldu du Euskalerria Irratiak, arratsean bere webgunean jarri duen oharraren bidez. Irratiaren 8.000 entzuleek, 1.000 bazkideek, 200 kolaboratzaileek, eta iragarleek eta lagunek proiektua bultzatzen jarraitzeko aski sostengu ematen dutela erantsi dute.

"Nafarroako Gobernuak aukera paregabea zuen Euskalerria Irratiarekin egin dituzten irregulartasunen kate luzea behingoz eteteko, konpontzeko. Haatik, ez dute aprobetxatu. Euskalerria Irratia bazterrean utzi dute, beste behin ere. Modu horretan, Iruñerriko euskaldunek irratia euskaraz entzuteko duten eskubidea urratuz", adierazi dute oharrean.

Gobernuak berriz lizentzia lehiaketarik ateratzen badu, aurkezteko asmoa berretsi du irrratiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.