Geroa Bairen eta EH Biduren ordezkaritzak goizean bilduko dira. Horrekin amaituko du Geroa Baik joan den astean abiatu zuen bilera erronda. Astelehenean Ahal Dugu-rekin bildu da, ia bi orduz. Laura Perez Ahal Dugu-ko zerrendaburuak proposatu du gobernu aldaketa nahi duten alderdiek negoziazio mahai bateratua osatzea, eta bertan PSN egotea nahi du Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak.
Perezek esan du ez duela oztoporik jarriko horretarako, eta azaldu du bere alderdiak ez duela arazorik "norberaren kontraesanak agerian geratzeko". Era berean, Ahal Dugu "barne eztabaidan" ari dela nabarmendu du Perezek, aldaketaren gobernuan sartu edo kanpotik babesteko aukeren artean erabakitzeko. Presidentegaiak adierazi duenez, halere, Ahal Dugu-ren lehentasuna ez da gobenuan sartzea, "aldaketa ahalbidetzea" baizik.
Alde horretatik, "programako neurriengan" jarri du indarra Perezek, eta "horiek aurrera ateratzeko modurik onena zein den" aztertuko dutela aurreratu du. Nabarmendu duenez, "Ahal Dugu-k ez du siglen gaineko irakurketa egiten, edukien gainekoa baizik". Azkenik, aldaketarako aukeren aurrean "oso baikorra" dela azaldu du Perezek.
Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak, bere aldetik, bilera "lasaia eta gogotsua" izan dela nabarmendu du, eta parte hartzea eta gardentasuna bezalako gaietan "sintonia" egon dela adierazi du. Zerga sistema bezalako gaietan ere akordiorako aukerak egon daitezkeela esan du Barkosek.
Lehentasuna, "akordio sendoa"
Era berean, gobernu berrirako epeetaz galdetuta, "inolako presarik ez" duela adierazi du Geroa Baiko presidentegaiak, eta lehentasuna "akordio sendoa" lortzea dela azpimarratu du. Edonola, bide horretan ez dutela "denborarik galduko" esan du.
Nafarroako Gobernua osatze aldera, asteazkenean abiatu zituen bilerak Geroa Baik gainerako indar politikoekin. Ezkerrarekin "sintonia ona" izan zuen asteazkeneko bileran, eta ostiralean batzartu zen PP eta PSNrekin. Sozialistek adierazi zuten gobernutik kanpo ikusten dutela beren burua.
Panorama argituz joan daiteke aste honetan. Gaur, Ahal Dugu-rekin izan du hitzordua Geroa Baik. EH Bildurekin, berriz, asteartean egingo du bilera.
Maiatzaren 24an eginiko udal eta foru hauteskundeetan, UPNk irabazi zituen bozak Nafarroan. Javier Esparza zerrendaburu zuen alderdiak, ordea, nabarmen egin zuen behera boto nahiz ordezkari kopuruan, eta gehiengoa osa dezakete aldaketa politikoaren alde dauden alderdiek. Geroa Bai izan zen bigarren indar babestuena bozetan, eta hark hartu du gainerako taldeekin batzartzeko ekimena.