Hauteskundeak

Geroa Baik primarioak abiatu ditu lehendakaritzarako eta Iruñeko alkatetzarako hautagaiak aukeratzeko

Irailaren 15erako eman behar du izena aurkeztu nahi duenak. Elebiduna izatea ezinbesteko baldintza izango da.

Uxue Barkos, iazko urte politikoaren amaiera ekitaldian. VILLAR LOPEZ, EFE
2018ko irailaren 6a
15:40
Entzun

Bi hautagaitzetarako baldintza berberak jarri ditu koalizioak: euskaraz eta gazteleraz jakitea, eta gutxieneko babesa izatea. EAJ, Atarrabia Taldea, Zabaltzen edo Atxikitakoen taldearen babesa; bi herriguneren babesa; edo 15 geroabaikideren babesa beharko du lehendakaritzara aurkeztu nahi duenak. Iruñeko alkate izateko borrokatu nahi duenak, berriz, EAJ, Zabaltzen edo Atxikitakoen taldea baten babesa, edo hiriguneko eskubide osoko 10 kideren babesa.

Behin hautagaien zerrenda eskuan, prozesuak abiatuko du Geroa Baik. Karguren baterako zerrendaburu izateko hautagai bakarra aurkezten bada, bera izendatuko dute zerrendaburu. Hautagaitzak bat baino gehiago baldin badira, prozesuak abiatuko dituzte.

Lehendakaritzarako hautagaien kasuan, zerrendaren berri emango die Batzorde Iraunkorrak herriguneei, eta aukeraketa egiteko bilera egunak zehaztuko dizkie. Bilera horietan, modu presentzial eta sekretuan bozketak egingo dituzte. Hautagaiek aukera izango dute herriguneetan beraien hautagaitzak aurkezteko.

Antzeko prozedura egingo dute Iruñeko alkategaia aukeratzeko ere: Hiriguneko Koordinazio Mahaiak zerrenda jakinaraziko dio Hiriguneari, eta han egingo dute hautagaia aukeratzeko bozketa, mahaiak zehaztutako egun eta orduan. Hautagaiek aurkezpena egiteko aukera izango dute kasu horretan ere.

Ez dute jakinarazi noiz amaituko diren prozedurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.