Geroa Bai Nafarroako koalizioak bere proiektu politikoaren "oinarriak indartzeko" asmoa dauka, eta politika egiteko "formula tradizionalak" gainditu nahi ditu, Uxue Barkos Espainiako Kongresuko diputatuak lehen Kontseilu Nagusiaren batzarrean azaldu duenez. "Formula demokratikoak" erabiliko dituzte horretarako.
80ren bat lagun bildu dira Iruñeko bilkuran, Geroa Bairen arabera. Mikel Aranburu aukeratu dute Kontseilu Nagusiko presidente, Iñaki Cabases presidenteorde eta Andoni Albeniz idazkari.
"Antolaketako oinarrien lanketa burutzeko" elkartu da Kontseilu Nagusia. "Inguruabarrengatik kasik behartuta sortu den koalizioa da, eta hauteskundeetan izandako emaitzak direla-eta uste dugu indartu dezakegun proiektu politiko bat dela", adierazi du Barkosek.
2011ko azaroko Espainiako Kongresurako bozetan aurkeztu zen Geroa Bai, Nafarroatik. Diputatu bat lortu zuen, 42.400 boto eskuratuta. Beste koalizio abertzale Amaiurrek ere diputatu bat erdietsi zuen Nafarroan, 49.100 botorekin. UPNk bi diputatu eskuratu zituen —126.100 boto— eta PSNk bat —72.600 boto—.
EAJ eta independente batzuek osatutako Zabaltzen plataforma dira Geroa Baiko kideak.