Eusko Jaurlaritzaren estatutu berri proposamenaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen atzo Jose Maria Aznarren Gobernuak. Erabaki hori ez dute begi onez ikusi ez PSOEko buruzagitzak, ez IUkoak. Dena den, ekimenaren aurka alderdi horiek biek eman dituzten argudioetan alde nabariak daude.
Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren erabakia Badalonan (Katalunia) eman duen hitzaldian. Hain justu, Konstituzionalean helegitea aurkeztea Iraken aurkako gerra prebentiboarekin parekatu du. Halaber, euskal abertzaleek beren proposamena Eusko Legebiltzarrean defenditzeko eskubide guztia dutela defenditu du.
PSOEko Askatasun Publikoetako idazkari Juan Fernando Lopez Aguilar ere helegitea aurkeztearen aurka agertu da, baina, funtsean, ekimena txarra iruditzen zaiolako baino gehiago, oraindik ez delako "une egokia" iritsi. Lopez Aguilarrek azaldu duenez, Ibarretxeren Plana oraindik proposamena baino ez da, eta lege mailarik ez duenez, zentzugabea da haren aurkako helegitea aurkeztea. "Behin betiko onartutako legeen aurka baino ezin dira ezarri inkostituzionaltasun helegiteak", agertu du Lopez Aguilarrek, eta ekimen judizialak abiatzekotan "finago" ibiltzeko eskatu dio Aznarren Gobernuari. Dena den, estatutu proposamena Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela azpimarratu du.
Ibarretxeren Plana
"Gerra prebentiboarekin" parekatu du Llamazaresek Espainiako Gobernuan estatutu proposamenaren kontra aurkeztuko duen helegitea
Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiaren arabera, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren estatutu berri proposamenaren aurka iragarri duen ekimena "gerra prebentiboaren" parekoa da. "Iraken aurkako gerra prebentiboa lez, zuzenbide ororen eta ideia askatasunaren kontrakoa da", nabarmendu du. PSOEko buruzagi Juan Fernando Lopez Aguilarrek, berriz, oraindik ez dela halako ekimenik aurrera eramateko unea iritsi azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu