Milaka lagunek egin dute gaur arratsaldean, Donostian, Jon Anza euskal militantearen desagerpena salatzeko manifestazioa, eta "gerra zikina" bukatzeko eskatu dute. Non da Jon? lelopean, desagertzeari buruz azalpenak eskatu dituzte. Han izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez ezker abertzaleko kideak.
Apirilaren 18tik ez dago Anzari (Donostia, 47 urte) buruzko berririk. ETAk duela aste batzuk jakinarazi zuenez, egun hartan Okzitaniako Tolosan hitzordua zeukan etakide batzuekin, baina ez zen azaldu. Frantziako eta Espainiako gobernuei egotzi zien ETAk desagerpena.
Gaur ere manifestariek salaketa horixe egin dute, eta PSOEren eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren aurkako oihuak egin dituzte.
21 urtean Espainiako kartzelatan egon ondotik, duela sei urte atera zen libre Anza, eta Ahetzen (Lapurdi) bizi zen.
Abenduan ustezko polizia batzuek Juan Mari Mujika iheslaria ordu batzuetan bahitu izanak Donapaleun (Nafarroa Beherea), eta maiatzean, Bilbon, kaleko jantzitako ertzain batzuek gauza bera egin izanak Lander Fernandez euskal preso ohiarekin, "gerra zikinaren" hipotesia indartu du Anzaren lagun eta senideen artean.
Espetxeetatik ere salatzen
Espetxeetan ere Jon Anzaren desagertzea salatzeko ekimenak areagotzen ari dira. Curtisen (Galizia) euskal presoak itxialdia hasi zuten atzo. Astelehenean gauza bera egin zuten Huelvako espetxean (Espainia). Gradignanen (Frantzia) kartelak jarri zituzten patioan, eta gutun bat bidali espetxeko zuzendariari. Osnyko (Frantzia) kartzelan daudenek ere gauza bere egin zuten, eta beste gutun bat igorri zioten Michelle Alliot-Marie Frantziako Gobernuko Barne ministroari. Horrez gain, joan den aste osoa baraualdian pasatu zuten.
Politika
"Gerra zikina" amaitzeko eskatu dute Jon Anzaren desagerpena salatzeko manifestazioan
Milaka lagun bildu dira Donostian, eta kasuan Frantziako eta Espainiako gobernuek erantzukizuna daukatela salatu dute. Euskal militantearen berririk ez dago apirilaren 18tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu